Leioako Gizartekintza Sailak "bere zerbitzuak hobetzen jarraitzen duela" eta lehen harrerarako epea 15 egun baino gutxiagotan ematea lehen aldiz lortu duela adierazi du harro Isabel Garcia Ezker Batuko zinegotziak. Emaitza hori posible izateko "lan gogorra" egin izan da joan den urtean gizarte langile bat eta administrari laguntzaile bat gehituz, zerbitzua indartuz, espedienteak aztertuz, harrera sistema zentralizatuz, "laguntza behar ez zutenak" zerrendatik kenduz... eta aurten, behingoz lehen fruituak ematen hasi da lana. Gizartekintza Saileko arduraduna den Isabel García zinegotzia baieztatu duenez, 2008ko lau hilabeteetan nabarmen hobetu dira harreraren gaineko datuak. Urtarriletik apirilaren hasierara 162 pertsona hartu zituzten, egunean sei lagun bataz besteko, hori dela eta lehen harrera egiteko 15 egun baino gehiago itxaroterik ez dute izan zerbitzuko erabiltzaileek. Lehenengo harreran, datu bilketa egiten dute harreragunekoek eta erabiltzailea orientatu eta informatzeaz gain, segimendua egingo duen jendarte langilearengana bideratzen dute laguntza behar duten leioaztarrak. Prozesu horretan "hainbat ordu" ematen dituzte.