Gazteek asteazkenera arte dute aukera Bapirukeren urpekaritza ikastaroan izena emateko

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko api. 28a, 12:56

Getxo udalerriko Bizarra Lepoan euskara elkarteak 9 eta 16 urte bitarteko gazte euskaldunentzako egun osoko urpekaritza ikastaroa antolatu du maiatzaren 24ra begira. Egun horretan, goizean, eta olatuen arabera aukeratutako orduan eta tokian, "Uribe Kostako itsasbazterrean kayak hartu eta itsasoan murgilduko gara bertako bizitza ezagutzera", Goizane Miruri Bizarra Lepoaneko dinamizatzaileak azaldu duenez. Izen-ematea asteazken honetan, hilak 30, bukatuko da. Inskripzioa burutzeko hainbat paper eraman beharko dituzte gazteek edo umeen gurasoek: izen-emate orria beteta, Osakidetza txartelaren fotokopia eta diru sarreraren ziurtagiria, 25 eurokoa euskara elkarteko bazkideen kasuan eta 35 eurokoa bestelakoetan. Paper guztiak emateko Algortako Karitate kaleko 1. atarian dagoen Aldai Patronatura jo beharko dute. Bertan, sotoan dagoen 10. bulegoan dena utzi ahal izango dute egun eta ordu hauetan: gaur eta asteazkenean 10:00ak eta 13:30ak bitartean eta bihar, asteartea, 16:30ak eta 19:00ak bitartean. Edozein zalantza argitzeko, 944 914 357 telefonora deitu edo bizarralepoan[abildua]euskalnet.net posta elektronikora idatzi daiteke. Argazkia: Agvnono.

Bapirukeren asmoa ume eta gazteek euskara bereganatzeko aisialdiaz, alde ludikoaz, gozatzea, "euskara ikasgelako hizkuntza soilik izan ez dadin, batez ere familian hitz egiteko aukerarik ez duten umeen kasuan".
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun