Aldarripaken mezua:
Ohar honen bidez gure gain hartzen dugu larunbatean, hilak 26, Itzubaltzeta / Romoko "Alfa Gestion Inmobiliaria" higiezinaren aurka buruturiko ekimena. Haien jarduera salatzeko erakusleihoa harrikatu genuen, eta aldameneko zutabean "Zuekin etorkizunik ez!" lema idatzi genuen.
Ekimen honen bidez higiezinek gazteon egoera zehatz honen gainean duten erantzukizuna salatu dugu. Higiezinek, etxebizitzen eta alokairuen prezioekin espekulatuz, gazteok etxebizitza gabe bizitzera kondenatzen gaituzte, banketxe edo aurrezki kutxetara jotzera behartuz. Era berean, azken hauek gure egoeraz baliatu eta hamarkada luzeetako hipoteketan itotzera behartu nahi gaituzte. Nola ez, hau ezinezkoa litzateke instituzio eta alderdi politiko diruzaleen laguntzarik eta promoziorik gabe: Eusko Jaurlaritza, Getxoko Udala, PNV, EA, Ezker Batua...
Gauzak horrela, etxebizitza duina eskubidea den heinean, berau egi bihurtzeko borrokan aurrerapausu nabarmena egiteko hautua hartua dago. Oraingoan higiezinen aurka jo badugu ere, aurrerantzean ezin da inola baztertu gainontzeko erantzuleen aurka antzeko moldeekin haien erantzukizuna agerian uztea.
Banketxeak, aurrezki kutxak, promotoreak, higiezinak, Eusko Jaurlaritza eta Getxoko Udala, PNV, EA, EB... zuekin etorkizunik ez! Etorkizuna, independentzia!