"Administrazio elektronikoa bultzatzeko asmoz",
Getxoko Udala Eusko Jaurlaritzarekin batera ari da lanean, osasun txartel elektronikoa (ONA izenez ezaguna) getxoztar guztien artean banatzeko aurten. Horren bidez, etxetik mugitu gabe egin ahal izango da Udalaren, Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren eta beste administrazio batzuen hainbat gestio, tokiko iturriek azaldu dutenez. Dagoeneko, gaur egun, zerbitzu jakin batzuk izapidetu daitezke: foru ogasunean Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren (PFEZ) aitorpena, medikuarenera joateko txanda, medikua aldatzeko eskabideak, gidabaimenaren puntuen kontsulta edo laneko biziaren kontsulta (Gizarte Segurantzari kotizatutakoa), besteak beste. Hori gora behera, Udalak pixkanaka beste zerbitzu berri batzuk ere erantziko dizkio txartelari: erroldatzeko agiriak egin ahal izatea, sarrera-erregistroak, ordaindu gabe dauden zorren ordainketa, lizentzien eskabideak eta kontsultak… ONA txartelaren bidez, administrazioekin izapideak online egiteko aukera izango da eta, udalerrian bertan, jasotzen den egunetik erabili ahal izango da txartel hori liburutegietako bazkide-txartelaren ordez. Getxo Kiroletako bazkideek udal kiroldegietako instalazioetara sartzeko ere erabili ahal izango dute.