Gaueko hamaika eta erdiak aldera, Metro Bilbao garrai konpainiaren deia jaso zuen atzo Ertzaintzak, Larrabasterrako geltokian emakume batek erasoa jaso zuela adieraziz. Bertara hurbilduta, erasoa jasan zuen emakumea eta enpresa horretako zaindari bat aurkitu zituzten bertan polizia agenteek. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak zabaldutako bertsioaren arabera, zaindariak ertzainei jakinarazi zien gizonezko batek bikotekideari erasotzen ikusi zuela. Biktimak kolpe bat zuen buruan baina ez zuen ospitalera joaterik nahi izan. Dena den, berretsi egin zuen bikotekideak eraso egin ziola eta, ondoren, bertatik alde egin zuela, polizia iturrien arabera. Minutu batzuk geroago, eta biktimari beharrezko datuak eskatu eta gero, agenteak M.R.S. 39 urteko sopeloztarraren etxebizitzara joan ziren eta atxilotu egin zuten, genero indarkeriaren delitua egin izana egotzita.