Larrabetzuko irabazlea, Jone, bi ofiziotan sinesgarri aritu zen. Zortziko nagusian Maialen Berekoetxe neska beharginaren hobetu ordaindutako gizonezko lankidearen rola betetzen jakin izan zuen, Maialenek gaia alde batetik bestera eraman arren. Doinu txikian, berriz, bikote ona egin zuen Itxaso Paya surflariarekin eta ontzia itsasotik defendatu behar izan duen marinelaren plantak egin zituen. Bakarkako lanean berriz, egoki erantzun zien puntuei eta egoki ere josi zuen haurtzaroko pala eta baldea topatzen dituen arkitektoaren gaia, baina, arazoren bat ikusi nahi izatekotan, umetako jostailuei abestuz ez zegoen bere ahotsean malenkonia topatzerik.
Saio ona oro har
Larrabetzuko saio bizian, Itxaso Paya egungo Ipar Uribeko txapeldunak ere saio polita egin zuen, batez ere Beñat Vidalekin zortziko nagusian egindako ofizioan. Mailen Berekoetxe, ordea, saioko bertsolaririk irregularrena izan zen eta zortziko nagusian sendo hasi bazen ere, ez zuen jakin gaiari koherentzia ematen. Zortziko txikian ere, nabarmendu gabe bertso on batzuk bota zituen, baina puntuetara heldu zenean azken oinarekin erratu eta lehiatzeari utzi zion.
Alberto de Abajo "Zoro" eta Ekain Landa "Txispain" etxean abesteko presiopean aritu behar izan ziren, bertako gazteriak pankarta eta guzti –"'Zoro' eta 'Txispain', Larrabetzun bikain'– uneoro babestu zituela. Landak teknikoki lan lar ona egin ez arren, bertso eder batzuk bota zituen, Peru Vidalekin egindako ofizioan. Izan ere, erraza izan zuten Larrabetzuko artzainak eta "todoterrenoa" ardiek geldituta duen Peru pilotoak horibaitarren algarak sortzeko. Horiek baina, gainditzeko moduan izan zituzten "Zoro" eta Larrazabalek, gaia aproposa ere izan zutela: bikotea telebista ikusten ari dela, "Zoro" senarra agertzen da iruditan Euskalsexi buruzko erreportajean.
Ipar Uribeko Bertsolari Txapelketaren azken kanporaketa, ordea, Fikako herriko txokoan egingo dute maiatzaren 9an, beste bertso afari bat tartean. Bertan, azken sei bertsolariek jardungo dute: Taketeko Miren Ibarluzea eta Mikel Goiriena, ALBEko Ekaitz Larrazabal "Katxo", Josu Landeta eta Pello Etxebarria "Bonbero" eta Itzubaltzetako Peio Ruiz de Agirre.
Finala, berriz, maiatzaren 17an ospatuko da Areetako Andres Isasi musika eskolan 18:00etan. Eta bertakoek Bizkaiko txapelketarako 30 lagunen zerrendan sartzeko aukera izango dute. Orain arte, Etxahun Lekue larrabetzuarra eta hiru Paya Ruiztarrak –Fredi, Xabi eta Itxaso– izan dira Ipar Uribeko txapelaren jabe, eta Itxasori egokituko zaio 2006an jasotako txapela defendatzea.
Orain arteko sailkapena:
- Jone Uria, 266 puntu.
- Peru Vidal, 258 puntu.
- Itxaso Paya, 256 puntu.
- Olatz Ibarluzea, 252 puntu.
- Arrate Illaro, 251 puntu.
- Miren Loizaga, 246,5 puntu.
- Beñat Vidal, 226 puntu.
- Alberto de Abajo "Zoro", 205,5 puntu.
- Oier Iturralde "Atano", 198,5 puntu.
- Unai Angulo, 185,5 puntu.
- Gabi Basañez, 173 puntu.
- Ekain Landa "Txispain", 169,5 puntu.
- Maialen Berekoetxe, 166,5 puntu.
- Unai Larrazabal, 163 puntu.