33/01 auziaren aurkako hainbat ekimen izango da datorren astean Leioako campusean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko api. 29a, 15:56

Gasteizko campusean eskainitako prentsaurreko baten bidez aurkeztu dute goizean Presoen Aldeko Taldeek (PAT), maiatzaren 5etik 8ra bitartean egingo den Amnistiaren Aldeko Astea. Ekitaldi nagusiak berton izango diren arren, gainontzeko campus eta fakultateetan ere ekimen ugari prestatu dituzte. Leioa eta Erandiori dagokionez, hilaren 5ean, astelehenarekin, gosari-hamaiketakoa egingo dute 10:00etan, kafetegi nagusian, eta erakusketa zabalduko dute. Biharamunean, egun osoan zehar, erakusketa eta azoka izango dira kafetegi nagusian. Osteguneko bazkarirako eta autobuserako txartelak bertan eskuratu ahal izango dira. Izan ere, hilaren 8an, Gasteizko campusean egingo da Amnistiaren Aldeko Astearen egun handia. Asteartean bertan “Amnistia 07-77” izenburuko bideoa proiektatuko dute, 12:00etan, ikasgelategian. Azkenik, asteazkenerako, “Amnistiaren bila” jolasa prestatu dute, Arte Ederren sarreran. Ekimen guzti horien bitartez, 33/01 auziari gaitzespena erakutsi eta Espainiako Auzitegi Nazionalean epaituak izaten ari diren 27 euskal herritarrei -Mitxel Sarasketa getxoztarra eta Jagoba Terrones berangoztarra daude horien artean- elkartasuna adierazi nahi die PATek.

Apirilaren 21ean epaiketa hasi zenetik, ugarituz doaz 33/01 auziaren kontrako eta, Amnistiaren Aldeko Batzordeak, Senideak, Askatasuna edo Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokia erakundeetan lan egiteagatik Espainiako Auzitegi Nazionaletik igaro behar diren 27 herritarren aldeko adierazpenak. Hain zuzen ere, testuinguru horretan kokatu dute Amnistiaren Aldeko Astea Presoen Aldeko Taldeek. "Mugimenduaren aurkako kriminalizazioa bilatzeko saiakeran dabiltzan honetan, unibertsitateetako Presoen Aldeko Taldeok (PAT) amnistiaren aldeko eta errepresioaren aurkako borrokaren zilegitasuna aldarrikatzera gatoz", adierazi dutenez. "Auzipetu dutena eta epaitu nahi dutena Estatuen biolentzia eta errepresioaren salaketa eta euskal preso nahiz errepresaliatu guztiekiko elkartasuna da, Frantziako eta Espainiako Estatuak euskal gizartearen eta munduaren aurrean biluzten dituen eta beren izaera ez demokratikoa begi bistako egiten duen testigu nagusia erditik kendu nahi dutelako", gaineratu dute. Amnistiaren Aldeko Astearen egitarau osoa, Hautsi musika taldeak egindako abestia, Gasteizko Amnistia Eguneko bazkarirako zein autobusetarako txartelen inguruko informazioa, kamiseten salmenta lekuak eta abar www.pat-eh.org/amnistia08 webgunean topa daitezke.

Presoen Aldeko Taldeen oharra:

Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren aurkako kriminalizazioa bilatzeko saiakeran dabiltzan honetan, unibertsitateetako Presoen Aldeko Taldeok (PAT) amnistiaren aldeko eta errepresioaren aurkako borrokaren zilegitasuna aldarrikatzera gatoz.

- Dispertsioa salatzea ez da delitua. Preso politikoen kolektiboaren kontra hamarkadatan ezarri den eta ezartzen den dispertsio eta muturreko neurriek osatzen duten salbuespen egoera da delitua.
- Tortura salatzea ez da delitua. Torturatzea eta tortura ahalbidetzen duen tresneria hori guztia da delitua; salbuespeneko tribunalak, inkomunikazio legea eta funtsean torturatzeko eraikia den inpunitate esparrua bera da delitua.
- Errepresioa salatzea eta pertsonen eskubideak babestea ez da delitua. Estatuen biolentzia eta eskubide urraketa dira delituak.
- Elkartasuna ez da delitua. Presoak eta euskal herrian errepresioa jasaten duten milaka emakume eta gizon babes eta elkartasunik gabe uzteko mugimenduen kontrako kriminalizazio eta erasoak dira delitua.
- Preso, iheslari eta beren senitartekoak lagundu eta babestea ez da delitua. Kolektibo hauek hondoratzeko eta zatitzeko helburuarekin burutzen diren jazarpen, eraso eta eskubide urraketa horiek guztiak dira delitua.

Auzipetu dutena eta epaitu nahi dutena Estatuen biolentzia eta errepresioaren salaketa eta euskal preso nahiz errepresaliatu guztiekiko elkartasuna da, Frantziako eta Espainiako Estatuak euskal gizartearen eta munduaren aurrean biluzten dituen eta beren izaera ez demokratikoa begi bistako egiten duen testigu nagusia erditik kendu nahi dutelako.

Baina gu, esan bezala, errepresioa salatu eta herri honek bizi duen gatazkaren konponbiderako amnistiaren ezinbestekotasuna aldarrikatzera gatoz. Eta horretarako, hain zuzen ere, antolatu dugu maiatzaren 5etik 8ra bitartean ospatuko den Amnistiaren Aldeko Astea unibertsitateetan. Horregatik, Amnistiaren Aldeko Astean eta astea itxiko duen maiatzaren 8ko Gasteizko Amnistia Egunean parte hartzeko deialdia luzatzen dugu.

Euskal Herriak askatasuna behar du!
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun