Askatasuna: "torturak Estatu espainarrean nola eragiten duen argi geratu da beste behin ere"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko api. 29a, 00:10

Ibon Aranalde eta Susana Atxaerandi preso ohiek, Jorge Olaiz presoak eta bi guardia zibilek deklaratu dute gaur, Espainiako Auzitegi Nazionalean, Amnistiaren Aldeko Batzordeak (AAB), Senideak, Askatasuna edo Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokia erakundeetan lan egiteagatik 27 euskal herritarrei -Mitxel Sarasketa getxoztarra eta Jagoba Terrones berangoztarra daude horien artean- egiten ari zaizkion epaiketan. Denak ere Carlos Bautista fiskalak eta AVT herri akusazioak proposatu zituzten lekuko izatea. Bere garaian atxilotu zituztenean Poliziari AMMetako jendearen izena eman zietenean, horiek "torturapean" eman zituela adierazi dute hiru euskal herritarrek. "Bereziki azpimarragarritzat" jo du Askatasunak Atxaerandiren testigantza: "jazarpen sexualak, elektrodoak eta poltsa jasan zituela salatu du, besteak beste", nabarmendu dutenez. Guardia zibilek bionboaren atzetik adierazi dute atxilotuen deklarazioa "presiorik gabea" izan zela eta mediku forentseak ere ikusi zituela. Bihar segituko du epaiketak. Lau guardia zibilek deklaratuko dute, lekuko gisa, Fiskaltzak deituta. Argazkian, ostiraleko mobilizazio egunean, pankarta erraldoia zabaldu zuten Espainiako Enplegu Institutuak (INEM) Areetako Negubide kalean dituen bulegoetako fatxadan. Protesta horretako argazki gehiago hemen ikus daitezke.

Errepresioaren aurkako erakundeak gaineratu duenez, "argigarria izan da momentu batean guardia zibiletako batek esan duenean 'prestaketa bat-batekoa izan zen', 'deklarazioa bat-bateko izan zen' esan beharrean. Saioa amaitu duenean epaileak aukera eman dio egin duen 'akatsa' zuzentzeko".

Askatasunaren irakurketa:

Aurrez ehunaka aldiz gertatu izan den, gaur ere Madrilgo entzutegi nazionalean tortura salaketek ezaugarritu dute epaiketako saioa.

Torturak espainiar Estatuan nola funtzionatzen duen argi gelditu da beste behin ere. Euskal Herritarrak atxilotzen dituztenean inkomunikazioa ezarri eta inkomunikazioak eskaintzen duen inpunitatean torturatzen dituzte. Tortura hauen bidez autoinkulpazioak edo beste pertsonen inkulpazioak lortzen dituzte. Autoinkulpazio hauek froga bezala erabiltzen dituzte entzutegi nazionaleko epaiketetan. Froga hauen erabilpenak ekartzen du jendea zigortzea, espetxeratzea eta sakabanatzea.

Guardia Zibil batek esan du epailearen aurrean deklarazioen prestaketa bat bateko izan zela. Gezurrak esatera joan dira baina hori ere gaizki egin dute, aurrez argi zegoena oraindik gehiago argituz. Eta noski, epaileak berak eman dio zuzentzeko aukera, torturaren gaineko ardura Guardia Zibilarena bakarrik ez dela argi geldituz.

Bestalde, normala iruditzen zaigu Guardia zibilak bionboaren atzean deklaratzea, torturatzen duenak asko du ezkutatzeko.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun