Igandean jokatuko da Javier Otxoa Klasika

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko api. 29a, 18:41

Igande honetan, maiatzak 4, jokatuko da Punta Galea Txirrindulari Elkartearen XXIII. Randonnea. Javier Otxoa Klasika ere baderitzon txirrindulazaleentzako lasterketa 9:00etan abiatuko da Algortako Fadura kiroldegitik, toki berean amaitzeko. Aurten, gainera, luzeagoak izango dira ibilbide biak: 120 eta 105 kilometro egin beharko dituzte, hurrenez hurren, parte hartzaileek. Baina handitu ezezik, ibilbideak aldatu ere egin dituzte eta, aurten, Gernika eta Muxika herrietaraino iritsiko da klasika. Aldaketak gora behera, Javier Otxoa txapelduna ez da proban izango, egun berean, Fadurako belodromoan bertan egingo den Bizkaiko Bira Paraolimpikoan lehiatuko delako. Punta Galea Txirrindulari Elkarteak antolatuta, bizikletan ibiltzeko gogoa duten zikloturista guztientzat zabalik dago randonnea. Argazkian, Javier Otxoa.

Igande honetan, "zikloturismoaren eta txirrindularen jaian parte hartzera” deitu ditu herritarrak, gaur goizean egindako aurkezpenean, Imanol Landa alkate getxoztarrak. Punta Galeako presidente Iñigo Mentxakak, bere aldetik, helburua “proba ahalik eta alai eta dibertigarrien suertatzea” dela gaineratu du. Mentxakak argitu duenez, “probatik diruren bat lortzekotan elkartearen harrobira zuzenduko dugu, beheko mailetara”. Irteera, ohikoa denez, 9:00etan izango da Faduratik. Lasterketa Unbetik abiatuko da. Butroe, Maruri, Larrauri, Mungia, Olabarri, Errigoiti, Gernika, Urretxua, Muxika, Gerekiz, Mungia, Butroe eta Urduliz zeharkatu ondoren, berriro ere Algortara bueltatuko da Fadurako belodromoan amaitzeko. Bi ibilbideetan anoa postua izango da: jateko Muxikan (79 kilometroan), eta Urretxuan (61 kilometroan) edateko, hurrenez hurren. Helmugan ere jan eta edan ahal izango dute txirrindulariek.

Kaskoa beharrezkoa

Federazioaren lizentzia eduki ez arren, randonnean parte hartu ahal izango dute txirrindulazaleek, “federazioaren eguneko lizentzia” aldez aurretik eskuratuta. Izena ematerakoan lortu ahal izango da hori. Lasterketaren egun berean egongo da horretarako aukera, 8:00etatik aurrera, Fadurako pilotalekuan. Gehienez 500 partaide onartuko dituzte. Hori bai, buruko babesa -kaskoa- jantzi beharko dute lasterkariek eta arau hori betetzen ez duenak lasterketatik kanpo geratuko da, antolatzaileek ohartarazi dutenez. Aurretik izena ematea ere badago. Horretarako epea gaur bertan, hilak 29, amaituko da. Punta Galeako Illetas kaleko 10-beheko egoitzan egin beharko da. Izen-emate kuota 13 eurokoa da federatuentzat (11 euro aurrez izena ematen dutenek) eta 25 eurokoa federaturik ez daudenentzat (23 euro aurrez izena eman dutenek).
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun