Alfontso Etxegarai deportatuaren amari azken agurra emango diote gaur Plentzian

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko api. 29a, 19:05

Antonia Atxirika Bilbao, Afrikako Sao Tome irlan deportatuta dagoen Alfontso Etxegarairen ama atzo, astelehenena, hil zen Plentzian, 74 urte zituela. Piztu! Plentzia, Gorliz eta Lemoizko ezker abertzalearen ahotsa izeneko bitakorako kideek jakinarazi dutenez elizkizunak gaur arratsaldeko 7etan egingo dituzte, Plentziako elizan. Alfontso Etxegarai 1986ko abuztuko 14tik dago munduko herrialderik txiroenetakoa den Sao Tome eta Principeko Errepublika Demokratikoan, Ginea Golkoko 1.001 kilometro kuadroko eta 160.000 bat biztanleko herrialdean. Horra, Ekuadorreko Poliziak indarrez eta inolako lege-izapiderik egin gabe eraman zuen. Gainera, zazpi hilabete lehenago, bertako Poliziak metraileta buruan jarrita bahitu zuen, Espainiako zerbitzu sekretu edota segurtasun indarretako kideek bahituta zegoen Juan Pedro Guzman Athleticeko zuzendaritzakideari buruzko informazioa lortzeko torturatu zezaten.

Gerra zikineko operazio horretan, "El Mundo" egunkariak urte batzuk beranduago esango lukeen bezala, Lasa eta Zabalaren bahiketa eta erailketarekin "antzekotasun asko" izan zen. Mugaren bestaldean errefuxiatu zegoela, Etxegarai 1985ko uztailaren 12an Baionako suprefekturan egoitza baimena berriztatzerakoan atxilotu zuten Frantziako poliziek eta hilaren 27an eraman zuten Ekuadorrera, non urte bat baino ez zuen egingo. Erbesteratuari Jose Lipperheide Henke industria gizonaren bahiketan parte hartu izana leporatu zioten. 1990etik Christiane Etxaluz bere bikotekidea berarekin bizi da Sao Tome uhartean.

1986an Manuel Pinto da Costa, herrialdeko presidenteak esan zuen Etxegarai bere herrialdean izateko arrazoiak "gizatiarrak baino ez" zirela eta plentziarra "Estatuko apopilotzat" zutela. Horrela, ukatu nahi izan zuen deportazioa Espainiarekin hitzartua izatea, nahiz eta hilbate bat beranduago Felipe Gonzalez Espainiako Gobernuaren presidentearekin bildu eta nekazaritza alorrerako hainbat laguntza eskuratu.

Alfontso Etxegaraik, bestalde, ez du Euskal Herriko ikuspegia galdu eta hainbat komunikabideetan kolaborazioak egin ditu, tartean "Punto y Hora" edo "Gara"n, besteak beste Sao Tome eta Principeko hauteskundeei buruzko hausnarketak eginez. Era berean, literaturan hainbat lan egin ditu, tartean "Regresar a Sara" liburua, 1995ean argitaratu zuena edo Ataramiñe bildumarako egindako hainbat testu. 2002an bai Europako Batasunak eta baita Amerikako Estatu Batuek haien zerrenda beltzetan sartu zuten.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun