Getxoko gazte elkarteek iazko diru kopuruarekin aurre egin beharko diote 2008ri

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko api. 30a, 14:24

Getxoko Udalak iazko diru kopuru berbera, 26.000 euro, banatu du aurten dirulaguntza eskatu duten gazte intereseko 13 elkarteren artean. Tartean KPI %4,2 igo eta gastu guztiak igo badira ere, gazte taldeei dirulaguntza izoztu egin die Getxoko Udalak. Izan ere, abenduan diru laguntza hauek iragarri zituenean, Koldo Iturbe Gazteria zinegotziak azaldu zuen 2008rako aurrekonturik ez dagoenez eta 2007ko aurrekontua luzatu dutenez, iazko partida berberarekin jokatu behar izango zutela. Bestalde, UKBERRI.NET argitaratzen duen Ukberri elkarteko proiektuak –eskualdeko gazte prentsa bulegoa eta gazte agerkari digitala diseinatzeko prozesua eta irrati tailerrak– atzera bota ditu Udalak, urte osoko jarduerak ez direlakoan. Era berean, unean uneko gazte jarduerak laguntzeko aurten dirurik ez dela egongo jakinarazi du Gazteria Zerbitzuak. Argazkian, Unai Amezaga Gazteria Zerbitzuko teknikaria, eskerrean, eta Koldo Iturbe zinegotzia, eskuinan.

Guztira, 3.412 haur, nerabe eta gazterengana iritsiko dira 2008an diruz lagundu dituzten 13 elkarteen jarduerak, hau da Getxoko haur, nerabe eta gazteen %14. Kopuru hau ez da aldatu azken urteetan: horietatik %19 haurrak, %70 nerabeak eta %6 gazteak dira.

2007ko datuekin konparatuz gero bi joera antzematen dira: Getxoko gazte elkarteen jardueraren hartzaile kopuruaren beherakada (372 gutxiago aurten) eta haur hartzaile kopurua ere igo egin dela.
Guztira 232 lagun daude inplikatuta gazte elkarteetan (2007an 237): %16, 12 eta 17 urte bitartekoak dira; %52, 18 eta 30 urte bitartekoak dira; eta %30, 30 urtetik gorakoak dira. Sexuaren araberako banaketa honakoa da: %44 emakumeak eta %56 gizonak. Dirudienez, emakumeek iaz baino apur bat gutxiago parte hartzen dute elkarteetan (2007an baino 2 puntu gutxiago)
Erabakiak hartzen diren esparruetan 125 lagunek parte hartzen dute, %54 emakumeak eta %46 gizonak (emakumeen erabakitzeko boterea handitu egin da). Adinari dagokionez, hamarretik zazpi 18 eta 30 urte bitartekoak dira eta ia hamarretik hiru 30 urtetik gorakoak dira. Datuei begiratuz gero gero eta gazte gehiagok hartzen dute parte elkarteen erabaki esparruetan.

Elkartegintzaren ezaugarriak

Getxoko gazte elkartegintzaren ezaugarri nagusiak dira, ohiko aisialdi ekintzak burutzen dituztela eta gehienek helburu hezitzaileak dituztela; ez dela oso esperimentazio zalea, nahiz eta badiren berrikuntzak planteatzen dituzten elkarteak.
Talde gutxi dira bereziki baztertuak gelditzeko arriskuak dituzten gazteekin lan egiten dutenak. Gehienek gaztelera hutsez edo elebietan lan egite dute.

Langile tituludun asko daude, baina profesionalik ia bat ere ez. Getxoko gazte elkartegintza ez dago profesionalizatuta. Bestalde, finantzaketa iturri propioak dituzte eta ez dira Udalaren diru-laguntzen erabat menpekoak. Oro har, kanpo jatorriko haur, nerabe eta gazteek ia ez dute parte hartzen udalerriko gazte taldeetan.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun