Itzubaltzeta gaztetxearen etorkizuna kolokan

Itzubaltzeta / Romoko koadrilek II Futbito Txapelketa jokatuko dute larunbatean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko api. 30a, 17:10

Larunbat honetan, maiatzak 3, Itzubaltzeta / Romoko koadrilen arteko II. Futbito Txapelketa burutuko da Artatza-Romo ikastetxean, goizeko 9etatik aurrera. Itzubaltzeta gaztetxeak antolatuta, oraindik izena eman ez duten gazte koadrilek horretarako aukera daukate gaztetxeko zein herriko hainbat tabernetako (Romo Tavern, West Side, Anaiak, Baste, Koldo, Aida, Andros, Branka, Kandi eta Arotza) zerrenden bidez. Antolatzaileek dei berezia egin diete neska futbolzaleei parte hartzeko. Pasa den urtean, Landerin taldeak irabazi zuen Itzubaltzeta / Romoko I. futbito txapelketa, 20 taldek baino gehiago hartu zutela parte. Euria eta kazkabarra izan arren, lehia bizian aritu ziren partehartzaileak. Landerinen ostean Harea taldea gelditu zen, Kaskamotzak koadrila hirugarren sailkatu zela. Hiru taldeek jaso zuten "Piwi" Itzubaltzeta / Romoko preso sozialak egindako keramikazko garaikurrak eta, Landerinen kasuan, gainera gaztetxeko egurrezko giltza erraldoia.

Antolakuntzak "erabat arrakastatsutzat" jo zuen futbito txapelketa, jende asko batu zuelako. Alde negatibo gisa, emakumezkoen parte hartze txikia ikusi zuten, Nesken talde bakarra eta bi talde misto baino ez zirelako egon txapelketan.

Urtarrilaren 26an abiatutako Itzubaltzeta / Romoko koadrilen arteko olinpiaden barruan jokatuko da aurten Futbito Txapelketa. Orain arte, frontoi txapelketa eta mendi irteera egin dituzte urtarrilean eta otsailean, martxoko proba zen boleibola bertan behera utzi behar izan zuten eguraldiagatik eta apirilekoa eguzkia ziurtatzeko larunbat honetarako atzeratu zuten. Bestalde, egutegian oraindik falta dira maiatzeko kukaña, ekaineko ginkana eta uztaileko koadrilen arteko herri kirolak. Koadrilen arteko olinpiadekin Itzubaltzeta gaztetxearen kideen asmoa koadrilen arteko harremanak sendotzea da, era partehartzaile batez.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun