Eskola-umeei piraguan ibiltzen irakatsiko diete Barrikan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko api. 30a, 19:04

Eskola kirolaren helburu garrantzitsuenetarikoak "kirolari bakoitzaren heziketa osatzea eta norbanakoen beharrak asetzea" direla uste du Barrika Piragua Taldeak. Horri helduz, azken bost urteetan 600 ume baino gehiagok parte hartu dute piraguismo ikastaroetan. Aurten ere neska-mutilei zuzendutako kurtsoak egingo dituzte maiatzetik aurrera. "Prestakuntza, heziketa eta jolasa uztartuko dituzte ikastarook. Kirolariari joko garbiaren printzipioak, kidetasuna eta bizitza osasuntsuaren praktikak erakutsiko zaizkie parte hartzaileei", nabarmendu dute klubeko arduradunek. Halaber, dopinga, indarkeriaren aurkako jarrera eta talde-kideen integrazioa izango dituzte hizpide. Hori bai, horietan esku hartzeko igeri egiten jakitea guztiz beharrezkoa dela gogoratu dute. Informazio gehiagorako blogbpt[abildua]telefonica.net e-posta helbidera idaztea badaukate interesdunek. Argazkian, ikasle eta begilareak aurreko ikastaro batean.

Hiru ikastaro bereizten dira. Hasi baino lehen, "Lehen kontaktua" izeneko bi orduko ikastaroa egin beharko dute eskola-umeek. Horren helburua materiala, arraun egitearen oinarrizko jakinbideak uretan eta uretik kanpo, ontzi motak, modalitateak, pista, erreka jaitsiera, ibaiak, ur zakarrak... ezagutzea da. 8 euroko prezioa du pertsona bakoitzeko. Talde handiei prezio berezia egingo diete.

Oinarrizko hastapenerako ikastaroak, berriz, lau orduko iraupena du, egun ezberdinetan banatuta (bi larunbatetan, bi igandetan edo larunbata eta igande batean), eskolako ordutegitik kanpo. Ikastaro horren bidez piraguismoaren oinarrizko ezagupenak (arraunketa, egonkortasuna eta oreka) ikasiko dituzte parte hartzaileek. Kurtsoa egiteko gutxienez 8 partaide beharko dira, antolatzaileek azaldu dutenez, eta pertsona bakoitzeko prezioa 20 eurokoa izango da. Ikastaroak maiatzan hasiko dira.

Azkenik, hastapenerako ikastaro aurreratuak hamar orduko iraupena du (4 edo 5 egunetan banatuta). Horri esker, piragusimoa bakarrik praktikatzeko gai izango dira ikasleak, begiraleen laguntzarik gabe. Taldeak 10 lagunez osatuko dira. Pertsona bakoitzeko prezioa 55 eurokoa da. Kurtso guztiak Barrika Piragua Taldeko instalazioetan eta Butroe ibaian egingo dira, begirale eta entrenatzaileek zuzenduta. Klubak kirol hori praktikatzeko beharrezkoa den materiala (hastapeneko ontziak, salbamendu txalekoak, arraunak, eta abar) eta dutxak eta aldagelak jarriko ditu.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun