Ertzainak hainbat epaitegik jasan izan dituzten erasoen inguruan aritu dira eta horiek AAMren jardunarekin nolabaiteko lotura dutela ulertarazi dute. "Adibidez Eibarko epaitegia erasotu baino 4 egun lehenago bertan presoen aldeko pankarta bat itsatsia zegoela adierazi dute. Oiartzunen ere antzeko kasua eman zela azaldu dute", Askatu.org webguneak nabarmendu duenez. Durangoko epaitegiaren aurkako erasoko atestatua egin zuten ertzainek lekuko babestu bezala deklaratzeko eskatu du, AAM "ETAren ingurukoa" dela argudiatuz. Horren harira, azken urteetan Ertzaintzak "erasotutako" presoen aldeko ekimenak "ugariak" izan direla salatu du Askatasunak; baita sakabanaketaren sorreran "EAJk berak" parte hartu zuela ere. "Zentzu honetan, epaiketan erakutsi duten jarrera, azken urteetan egin dutenaren ispilua dela argi gelditu da. Errepresioaren salaketa eta presoekiko elkartasuna ezabatu nahi dute, eta EAJ prest dago helburu honi bere ekarpena egiteko", azaldu du errepresioaren aurkako erakundeak. Alderdi horrek "erantzunkizun argiak" dituela dio Askatasunak, "Ertzaintzak dituen tortura salaketak kasu", eta zentzu horretan "logikoa" ikusten du erakundeak, "beraiek ere AAM paretik kendu nahi izatea".
20 minutu
Atzoko saiak, berriz, 20 minutu baino ez zituen iraun. Besteak beste, Askatasunak eta Amnistiaren Aldeko Batzordeek egitura bat dutela, nazionala, herrialdekoa eta herrietakoa, azaldu eta erakundeok dirua txosnetatik edo boletoak salduz ateratzen dutela gehitu zuten fiskalaren lekuko bezala deklaratu zuten 4 guardia zibilek. Hori entzunda, "zirkutzat" jo zuen epaiketa Askatasunak. "Nork ez daki Euskal Herrian errepresioaren ondorioei aurre egiteko dirua herritarren elkartasunetik ateratzen duela Amnistiaren Aldeko Mugimenduak? Hainbeste jende mugitzen duen zein erakundek ez dauka egitura bat?", adierazi zuen errepresioaren kontrako erakundeak.