Ertzaintzak M.A.M. 20 urteko gizonezkoa atxilotu zuen atzo arratsaldean, arma zuriz egindako delitu baten egilea delakoan. Gertaera apirilaren 21ean jazo zen, Astrabuduako Ollaga kalean dagoen taberna batean, Eusko Jaurlaritzaren
Herrizaingo Sailak jakinarazitakoaren arabera. Egun horretan, 19:30ak aldera agertu ziren establezimenduan polizia agenteak, pertsona baten deiak ohartarazita. Taberna barruan, hankan eta sorbaldan arma zuriz egindako zauri bana zituen 20 urteko gazte bat aurkitu zuten ertzainek. Mutil horren aldamenean, eskuko atzamar batean odola zerion zauria zuen 18 urteko beste gazte bat zegoen. Biei gertatukoaz galdetu ondoren, tabernako atean zeudenean bi gizonezko hurbildu eta, hitzik esan gabe, aizto batez eraso zietela adierazi zuten biktimek, polizia iturrien arabera; ondoren, erasotzaileak korrika aldendu zirela gaineratuz. Zauritutako gazteek erasoa zergatik jazo zen ez zekitela eta erasotzaileak ezagutzen ez zituztela adierazi zuten. Minutu batzuk beranduago, zauri larrienak zituen gaztea Gurutzetako ospitalera eraman zuten eta larritasun gutxiagoko zauriak zituena anbulatorio batera. Atzo, 14:00ak aldera, zauri larrienak izan zituen gaztea Ertzaintzarekin harremanetan jarri zen, Astrabuako metro geltokira joateko eskatuz. Egun batzuk lehenago jaso zuen aiztokadaren ustezko egilea ezagutu zuela jakinarazi zion EAEko poliziari.