“Vascuencearen Legea”ren berrargitalpenaren aurrean gaude. Euskara menpeko hizkuntza izatea bideratzen duten neurrien aurrean gaude (Nafarroako Euskararen Legea edota atzokoan Eusko Jaurlaritzak abiatutako Euskara 21 ekimena, kasu). Egun ez dago euskararen normalizazioa lortzeari begira aurrera eramaten den politikarik. Honen aurrean, hizkuntza politika eraginkor eta emankorrak behar ditugula adierazi nahi dugu. Lege berri bat behar dugu, euskarari estatus berri bat eman eta bere ofizialtasuna aitortuko duena, Euskal Herriko lurralde osoan.
Gaur gaurkoz, euskaldunok, ez dugu gure hizkuntzaren etorkizuna erabakitzeko eskubiderik Euskal Herrian; hau da, euskaldunok ez gara euskarak behar duen aldaketa libreki eta inongo eskusartzerik gabe erabakitzearen jabe. Burujabetza linguistikoa behar dugu euskaldunok, ezin gara espainiar eta frantziar legedi eta erabakien, zein botere autonomikoen aldetik datozen neurrien menpe egon, modu honetan gure herriak eta hizkuntzak ez baitute etorkizunik, modu honetan euskaldunok gure herrian bigarren mailako herritarrak izaten jarraituko baitugu.
Euskarak erroko aldaketa behar duela esaten dugu, Euskal Herri osorako lege babes propioa izanik aldaketarako oinarrizko pausua izango dena. Baina EHEk esan, eta aldaketa horren aldeko lana eta borroka egin nahi du Euskal Herriko ehunka herritan. Euskarak behar duen aldaketaren alde lan eginez, auzoz auzo, herriz herri. Administrazioen ahaleginak beste norabide batean begiratzen badute ere, Euskal Herri euskalduna eraikitzen jarraituko dugu, euskaldunon hizkuntza eskubideen alde, burujabetza linguistikoaren alde, auzolanean.
Urratsez urrats, Euskal Herri euskalduna eraikiko dugu!
Euskal Herrian Euskaraz (EHE)