
Artisautza azokaz gain, Oskorri Banda Band izeneko kontzertuaz gozatzeko aukera izango dute larunbat honetan, maiatzak 3, Sopelara hurbiltzen diren guztiek. Bilboko Udal Musika Bandak aspaldi luzatutako erronka onartuta, Natxo de Felipe buru duen taldeak 35 urtetan sortutako abestien berrikuspenaren emaitza dugu aipatu emanaldia. Hartara, Bilboko bandaren laguntzaz, Arriaga antzokian hiru saio eskainiz ospatu zuen iaz urteurrena Oskorrik. Behin diskoa argitaratuta, proiektu hori leku guztietara eraman nahi du euskal taldeak. Oraingoan, gainera, Uribe Bazterra banda sopeloztarra izango du bidelagun Oskorrik, larunbateko kontzertuan. Saioa 20:00etan izango da, Urko kiroldegian, sarrera dohainik. Errepertorioak 16 kantu barne hartzen ditu, nolabait aro guztietakoak, zaharrenetarik berrienetara. Argazkian, Andoaingo Musika Banda Oskorrirekin entseatzen.