Getxoko Udaleko Garapenerako Lankidetza Arloak eta Emaus Fundazioak Bidezko Merkataritza eta Kontsumo Arduratsuaren II. Astea antolatu dute. Ekimenaren kostua 23.955 eurokoa da eta, horietatik, tokiko erakundeak 14.000 euro jarri ditu, 2007ko diru laguntzen deialdiaren bitartez. Ekimenaren helburua bidezko merkataritzaren eta kontsumo arduratsuaren garrantzia ezagutaraztea da, "irizpide ekonomikoen aurrean, balio etikoak, sozialak eta ekologikoak ere aintzat hartzen baititu", udal iturriek prentsa ohar bidez adierazi dutenez. "Ipar-Hegoaren arteko harremanetan eta herrialde txirotuenetan bizi diren lagunen hegoera hobetzeko bidezko merkataritzak duen garrantzia" ere nabarmendu nahi dute. Helburu horrekin, ostiralera arte, maiatzaren 9ra arte, jolas kooperatiboak, komiki lehiaketa eta jaia egingo dituzte Neguriko Gobela ikastolan eta Algortako Zubilleta, Juan Bautista Zabala eta Azkorri ikastetxeetan. Bestalde, Itzubaltzetako Nagusien Etxean, hilaren 12an, zineforum saioa izango da; 14ean eskulan tailerra eta 15ean sukaldaritza tailerra, hitzaldia eta askaria barne. Maiatzaren 12tik 16ra, Areetako Madre del Divino Pastor ikastetxean aipatu beste eskoletan izango diren ekitaldiak ere egingo dituzte. Argazkian, bidezko merkataritza azoka /
Solidaritza.org.