"Ikasle euskaldun eleanitzak" zelan sortu azaltzeko jardunaldiak egingo ditu Kontseiluak etzi

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko mai. 6a, 20:53

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak 2007ko martxoan aurkeztutako "Hizkuntzak irakatsi eta ikasteko markoa EAEn" txostenari irakaskuntza euskaldunaren aldeko ekarpena egin dio eta horren berri emango dute etzi, hilak 8, Deustuko Unibertsitatean burutuko dituzten "Ikasle euskaldun eleanitzak sortzen. Urrats bat aurrera" jardunaldien (egitaraua pdf-n) bitartez. Egun horretan 9:30etik 14:00ak arte, adituek eta EHIGE, Ikastolen Konfederazioa, Kristau Eskola, Sortzen-Ikasbatuaz eta Hik Hasi hezkuntza eragileek proposamenaren ardatz nagusiak azalduko dituzte. Koldo Tellitu Ikastolen Konfederazioko ordezkariak haietako batzuk azpimarratu ditu, tartean honakoak: zentroetan hizkuntz proiektuak sortu eta arduradunak izendatzea; mailen probak Fundazio batek egitea; haurren ebaluazio glotodidaktikoak burutzea; ikastetxeetako langile guztiak euskaldunak izatea; irakasle eskolen erdal adarra desagerraraztea. Argazkian, pasa den apirilaren 24an hainbat euskaltzalek Getxoko udaletxearen aurrean egindako elkarretaratzea.

Kontseiluaren oharra:

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak Hezkuntza Sailak 2007ko martxoan aurkeztutako "Hizkuntzak irakatsi eta ikasteko markoa EAEn" txostenari ekarpena egin dio. Instituzioekiko elkarlan sakonaren adierazgarri da burututako lana, gizarte zibilari bere iritzia eta ekarpena egiteko aukera eman baitio Administrazioak. Irakastereduak gainditzeari buruzkoak biltzen dira hezkuntza-komunitateko eragileen babes zabala jaso duen Kontseiluaren proposamenean. EHIGE, Ikastolen Konfederazioa, Kristau Eskola, Sortzen-Ikasbatuaz eta Hik Hasi-k babestu dute. Proposamena gizarteratzeko, jardunaldiak antolatu ditu Kontseiluak, "Ikasle euskaldun eleanitzak sortzen. Urrats bat aurrera" izenburupean.

Kontseiluaren proposamena

"Hizkuntzak irakatsi eta ikasteko markoa EAEn legearen garapenerako proposamena" Kontseilua eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren arteko elkarlanaren fruitua da. Arantxa Urbek zuzendutako lan-talde teknikoak hilabete luzetan zehar burutu du lana. Ikastolen Konfederazioa, EHIGE, Kristau Eskola, Sortzen Ikasbatuaz eta Hik Hasi-ren babesa eta atxikimendua jaso ditu proposamenak. "Gizarte mugimendu bezala, euskaren normalizaziorako estrategikoa den arloan proposamena luzatu diogu Administrazioari", azpimarratu dute.

Bildutakoek euskararen normalizazioan hutsik berriro ez egiteko irakastereduen erreforman aurrera egitea ezinbestekoa dela aldarrikatu du. "Euskararen garapena nahi badugu ezin dugu denbora gehiago galdu, ikasle euskaldun osoak sortu behar ditugu", adierazi du gaurko prentsaurrekoan Kontseiluko idazkari nagusia den Xabier Mendigurenek. "Irakastereduak agortuta badaude, erreforma ezinbestekoa da, eta bide honetan bidean, ezin daiteke denborarik gal. Hezkuntza sistemak ikasleen euskalduntzea bermatu behar du".

Hezkuntza jardunaldiak: "Ikasle euskaldun eleanitzak sortzen. Urrats bat aurrera"

'Ikasle euskaldun eleanitzak sortzen' jardunaldietan parte hartzeko deia zabaldu dute. Sarrera doan izango da, kontseilua@kontseilua.org helbidean izena eman besterik ez da egin behar, halere, lehenbailehen ematea komeni da. "Jardunaldi irekiak izango dira, hezkuntzarekin harremana edo euskararen normalizazioan lan egiten duen edonork parte har dezake", adierazi dute. Hitzordua Bilboko Deustuko Unibertsitateko Auditorioan izango da maiatzaren 8an, osteguna, goizeko 9:30etatik eguerdiko 14:00etara.

Jardunaldien sarrera Kontseiluko Idazkari nagusia den Xabier Mendigurenek egingo du. Ondoren lan-talde teknikoko koordinatzaile Arantxa Urbek Kontseiluaren proposamenaren gako nagusiak azalduko ditu. 11:00etan, berriz, EHUko pedagogia katedraduna den Felix Etxeberriak hitzaldia emango du etorkinen euskalduntzeaz. Bukatzeko, jardunaldien mahai-ingurua egingo dute Kontseiluko bazkide diren hezkuntza sektoreko eragileek: EHIGEko Ana Eizagirre, , Ikastolen Konfederazioko Koldo Tellitu, Kristau Eskolako Mikel Ormazabal, Sortzen-Ikasbatuazeko Julen Etxeberria. Mahai ingurua, Hik Hasiko Joxe Mari Auzmendik dinamizatuko du.

Kontseiluaren proposamenaren ardatz nagusiak

"Hizkuntzak irakatsi eta ikasteko markoa EAEn" lanari egindako proposamena izan da Kontseiluak aurkeztutakoa. Helburua lortzeari dagokionez (ikasleak derrigorrezko eskolaldia amaitzen dutenean euskaldun eleanitzak izatea), garrantzi berezia duten hamar ekarpen zerrendatu ditu Ikastolen Konfederazioko ordezkaria den Koldo Tellituk:

1. Eleaniztasunaren izaera eta ezaugarriak jendarteratuko dituen diskurtsoa zabaltzea, hizkuntzen irakaskuntza eta ikaskuntzaren planteamendu berri horretan euskarari lehentasuna ematearen abantailak eta alde onak azpimarratuz.

2. Ikastetxeko hizkuntza-proiektua antolatzea. Hizkuntza-proiektuaren barruan Hizkuntza Normalkuntza Plana zehaztea eta horiek kudeatuko dituen arduradunaren lanpostua sortzea dagozkion bitartekoekin. Hizkuntza Normalkuntza Plana preskriptiboa izatea.

3. Fundazioak izatea ebaluazioaren ardura. Fundazio horrek, B1, B2, C1 eta burutu daitezkeen gainerako proben prestakuntza eta kudeaketa egitea, proba horietako emaitzak publiko eginez.

4. Haur Hezkuntzaren amaieran ikasleen hizkuntzen aurrebaluazio glotodidaktikoa egitea.

5. Hizkuntza zertifikazioak eskaintzea, ikasleei eta ikastetxeei.

6. Eskolako langile guztiak euskaldunak izatea.

7. Irakasleen prestakuntza diseinatu eta antolatzea.

8. Haur Hezkuntzan, 0 urtetik 6 urtera, murgiltze eta mantentze ereduetan eskolatzea.

9. Irakasle eskolek irakaslegai euskaldunak soilik prestatzea.

10. Eusko Jaurlaritzak "Hizkuntzak Irakatsi eta Ikasteko Markoa"-ren garapenerako proposamena abian jartzeko beharrezko bitartekoak aurreikusi eta onartzea.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun