Apirilaren 14an hasi ziren
Getxoko Udal Euskara Zerbitzua eta
Bizarra Lepoan euskara elkartea, zentroek aurretik hitzordua eskatuta, udalerriko hainbat ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako eskola-umeei Getxoko euskarazko toponimia ezagutzeko oinezko ibilbideak egiteko aukera eskaintzen. Ekainaren 25era arte luzatuko den egitasmoaren bitartez, "Getxo olgetan" CDan agertzen diren 8 ibilbideak eta Bizarra Lepoanek proposatutako "Euskararen ibilbidea" izenekoa eskaintzen zaizkie ikastetxeei, euskara elkarteko gidari baten laguntzaz herriko toponimia ezagutu dezaten. Orain, berriz, ibilbide horiek erdaraz egiteko eskatu dio Koldo Iturbe Kultur zinegotziari
Getxoko PPk. Euskara Zerbitzua eta Bizarra Lepoanen ekimena "oso egokitzat" jotzearekin batera, ibilbideak erdaraz egiteko aukera ematea eskatu die kultur arduradunei Marisa Arrue popularren bozeramaileak, "A ereduan ikasten duten San Inazio eta Larrañazubi (Algorta) ikastetxeetako eskola-umeek ere egin ahal izan ditzaten". Argazkian, Marisa Arrue Getxoko PPko bozeramailea.