Larunbatean ospatu zen Larrabasterrako Urgitxieta plazan Sopelako VIII. Artisautza Azoka. Egun osoan zehar, 11:00etan hasita 20:00etara arte, bisitariek etengabe hurbildu ziren 40 saltokietara, erosketak egitera: larruzko produktuak, bitxiak, lore lehorrak, arropa, kosmetika, oihal pinturak, jostailuak, zilargintza edota zeramika. "Bero bizia egin arren auzoko zein inguruko lagunen bisita jaso zuen feriak", udal iturriek nabarmendu dutenez. Eskuz egindako produktuez gain, bestelako jarduerak ere izan ziren: besteak beste, Katu Buru perkusio taldeak kaleak girotu zituen eta Simulacro konpainiak “Con las manos en el arte” kale-antzerkia eskaini zuen. Ekintza guztietan parte-hartze bizia izan zen. Erakusleen aburuz, “goizeko lehen orduetan giroa lasaiagoa izan zen beroagatik, baina eguna aurrera egin heinean eskuhartzea handitu egin zen”. Gaueko 8etan "Oskorri Banda Band" kontzertua izan zen Urko kiroldegian.