Larunbat honetan, hilak 10, hasiko da Sizilia irlako Palermo hirian Italiako Giroaren gizonezko txirrindularien itzulia. Proba horretan lehiatzeko, bi txirrindulari lehenetsi ditu Jon Odriozola
Euskaltel-Euskadi taldeko zuzendariak: Iñigo Landaluze algortarra (argazkian /
Wikipedia) eta Koldo Fernandez de Larrea. Baina Marino Lejarretaren garaietan ez bezala, euskaldunek ez dute begirada "maglia rosa" eskuratzeko sailkapenean jartzen, Giroak dituen 21 etapetatik baten batean irabaztean baizik. Horretarako, Punta Galeako kide ohiak ihesaldietan eta Fernandez de Larreak esprintetan duten eskarmentuaz baliatzen saiatuko dira. Girorako taldea osatzen duten Euskaltel-Euskadiko beste txirrindulariak honako hauek dira: Galdos, Irizar, Galparsoro, Perez, Velasco, Agirre eta Aperribai. Quick Step taldeko burua, berriz, Juan Manuel Garate izango da.