Ordura arte albo batera utzitako errealitatearen ikuspegi bat, emakumeena, aintzat hartzea izan zen azaroko jardunaldien xedea; mugikortasuna, irisgarritasuna, gune publikoetako segurtasuna, lana eta norberaren zein familiaren bizimodua bateragarri egiteko ahalegina, umeak eta adinekoak zaintzeko ardura konpartitua, ekipamenduak, ingurumena... eta lurralde honetako herritarren eguneroko bizimoduari eragiten dioten beste gai batzuen inguruan hausnarketa egiteko asmoz. Azken batean, mankomunitatea osatzen duten zazpi udalerriotako bakoitzean ahuleziak antzemateko. Hain zuzen ere, topaketa horietan diagnostikatu ziren beharrak, aldaketak edo hobekuntzak, edo aipatu gabe geratu zirenak fisikoki kokatu zituzten otsaileko saioetan.
NARO: Berdintasunerako Gunea
Oraingo ekimena, berriz, Emakundek urtero antolatzen duen NARO izeneko berdintasunerako foroarekin bat eginez deitu du Uribe Kostako Mankomunitateak. Horren xedeak erakundeak eta kolektiboak gizon-emakumeen berdintasunaren alde egiten ari diren lana biltzea, ikusaraztea eta indartzea dira. NARO 2008: Berdintasunerako V. Gunea maiatzaren 12tik 31ra egingo da.