Ia mila lagunek parte hartu ahal izango dute Getxo Kirolen udako kirol ikastaroetan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko mai. 8a, 15:59

Getxo Kirolak udal erakundeak 889 lagunentzako lekua eskainiko du uda honetan bere kirol ikastaroen programan. Aipatu prestakuntza ekimen batzuk hasieratik hastea dute helburu baino beste kasu batzuetan maila jakin bat eskatuko zaie parte hartzaileei. Ikastaroak uztailean eta abuztuan egingo dituzte, lehenengo hilabetean Faduran eta Gobelan eta abuztuan, berriz, soilik Faduran. Aurreko urteetan legez, ikastaroen eskaintza zabala eta askotarikoa da, tenis, padel, igeriketa, futbol campusa, tartean “uda jolasean” eta “jolasketan” kirol jarduerak izango direla. Dena den interesatuta dauden kirolzaleek ekainaren 4an baino lehen eman beharko dute izena. Argazkian, Getxo Boleibol Taldeko kide batzuk, pasa den martxoaren 8an, Uribe Kostako Mankomunitateak burututako Uribe Kostako Emakumeen I. Kirol Anitzeko Lehiaketako dominak jaso ostean.

Alvaro Gonzalez Kirol Arloko zinegotziak nabarmendu duenez, “ohiko eskaintza da, zabala eta anitza, eta, era berean, oso interesgarria 12 eta 16 urte arteko gaztetxoentzat, adin horrekin etxean geratu eta inora ez doazenez, aukera polita daukatela ondo pasatzeko kirola eginez. Saiatuko gara inor programatik kanpo gera ez dadin”.

Izenemateak zein zenbakitik hasiko diren finkatuko duen zozketarako txartelak ekainaren 4ra arte batu ahal izango dira (famili bakoitzeko txartel bat) bai Faduran eta bai Gobelan. Zozketa ekainaren 5ean egingo da eta izen-emateak ekainaren 9tik aurrera egin beharko dira Faduran, bi kiroldegietako ikastaroetarako. Ohikoa denez, itxaron-zerrendak egingo dira talde guztietan. Tenis, padel, grand slam eta igeriketa ikastaroak egin nahi dituztenek maila-proba egin beharko dute ekainaren 2tik 7ra.

Ikastaro guztiak astelehenetik ostiralera emango dira, jai egunak salbu. Ikastaro bakoitzaren orduak, adinak eta salneurriak udal webgunean eta Bazkideen Laguntza Bulegoan, 944 308 070 telefonoan, kontsultatu ahal dira, astelehenetik ostiralera.

Ikasketak eta kirola uztartzeko udako udal plana

Udalak Lehen Hezkuntzako 6. mailako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen zikloko ikasleentzat antolatutako Udako Planari dagokionez, , izen-emate epea ekainaren 23tik uztailaren 11ra egongo da zabalik udaletxean, Hezkuntza Arloan. Ikastaroetan ikasi eta kirola egiten da eta uztailean eta abuztuan egiten dira, astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 13:00 arte. Bi ordu ikasteko izaten dira eta beste bi kirola egiteko.

Ikastaro hauetan izena ematen dutenek, gutxienez hilabete oso batez parte hartuko dutela segurtatu beharko dute. Matrikularen prezioa 29,30 eurokoa da.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun