Oreretan dagoen San Markoseko zabortegia ixteko zegoen trabarik handienari "konponbidea" aurkitu diote Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek. 2012an Zubietako errauskailua martxan jartzen duten arte, lau urtetan 25.000 tona zabor hartuko dituzte Igorre, Urtuella eta Jatako (Lemoiz) zabortegiek, Jose Luis Bilbao diputatu nagusi bizkaitarrak eta Markel Olano Gipuzkoakoak -EAJkoak biak- eskuak estututa gaur itxi duten hitzarmenaren arabera. Eusko Alkartasuna salbu, berehara etorri dira gainontzeko alderdi politikoen arrangurak. Besteak beste, Uribe Kosta, Txorierri eta Ipar Uribe aldeko hondakinak hartzen ditu jada zabortegi lemoiztarrak eta, Gipuzkoan gertatuko den bezala, badirudi horien etorkizuna errausketa izango dela; Zabalgarbira kasu honetan. Bizkaira ekarritako zabor tona bakoitzeko gipuzkoarrek 65 euro ordaindu beharko dituzte, indarrean dauden tasa publikoen arabera. Urtero milioi bat eurko gastua eragingo du horrek.