Egunean zehar, "gure artean bizi diren etorkinak gehiago ezagutzeko" aukera izango ei da, gutxienez Estatu espainiarretik kanpo datozenen kasuan, eta horrekin batera, "gure arteko ezberdintasunetatik ikasi" eta elkarkidetza horrela ulertu eta "harreman estuagoa" lortzeko bidea eman dezake, antolatzaileen arabera.
Hori horrela, azokaren "helburu garrantzitsuena etorkinen integrazioaren alde egitea" izango da, batez ere azken urteotan leioaztar berri hauen kopurua nabarmen handitu den. Izan ere, urtengo azken erroldaren arabera Leioako 1.408 herritar Europako Batasunetik kanpoko etorkinak dira, eta 255 EBkoak (espainiarrak izan ezik), hau da, populazioaren %5 inguru. Pertsona guzti horien artean hainbat kultura aurki daitezke, tartean Hego Amerikako herri indigena askorenak, bertako krioilorena, herri eslaviarrenak, sahararrena, Europako ekialdeko ijitoena, arabiarrenak, berbereena, eta abar. "Oraindik asko dugu ikasteko", azaldu dute Gizartekintza Sailetik.
Horregatik, Sakonetako kultur arteko azokarekin batera etorkinen horien hainbat alderdi ezagutaraztera emango dituzte: gastronomia, herri nortasuna, artea, dantza eta kultura oro har.
Lau gune ezberdin
Azoka lau gunetan banatuko da, bakoitzean zerbait ezberdina eskainiko dela baina euren arteko harremana galdu barik. Lehen gunean hamabi postu ezberdin aurkituko dira, bai polikiroldegiaren kanpo aldean eta barrukaldean ere. Bertan Sahara, Ekuador, Argentina edota Senegaleko eskulangintza produktuak eta herrialdetako informazioa aurkituko ahal izango dira. Informazioa hainbat bidetik izango da, etorkinen aldeko elkarteen aldetik (SOS Arrazakeria, Munduko emakumeak edo Biluts), edota lankidetzaren aldeko elkarteen aldetik. Gune honetan, 11etatik aurrera irekita izango dena, bisitaria etorkinaren lehen irudi bat egiteko materiala aurkitu ahal izango du.
Bigarren txokoan jateko gaiak izango dira, bi edota lau euroren truke bisitariek beste herrialde bateko plater bat dastatzeko aukera izango du, adibidez berebereen kus-kusa eta Bolibia, Senegal, Errusia eta Filipinetako enpanadillak. Zerbitzu hori 13:00etatik aurrera izango da prest.
Hirugarren gunea dantza eta musikara egongo da zabalik. Musika ekitaldiak oholtzaren gainean izango dira eta aurrean 300 bat eserleku izango dira prest horretaz gozatzeko. Kontzertu bi izango dira, bata Hego Amerikako musikarekin 12:30etik 13:30era, eta bestea, musika afrikarrarena, 15:30etik 16:30era.
Bi kontzertu horien artean dantzen txanda izango da, eszenatokiaren alboan izango dira. Tarte horretan, hamar minutuko txandak izango dituzten hiru talde ezberdin izango dira dantzan. Honela ikusleek, herrialde ezberdinen arteko dantzen berdintasunak eta ezberdintasunak hobeto ikusteko aukera izango dute, euskal dantzak ere izango direla tartean.
Azkenik, laugarren gunea herriko txikienentzat zuzendutakoa izango da. Bertan hainbat tailer ezberdin izango dituzte eta denak behar bezala pasatu ezkero bakoitzak bere pasaporte propioa eskuratuko du. Lehen tailerran etorkinen irudia marraztuko dute, bigarrenean bere aurpegiaren kareta bat egingo dute, hirugarrenean hezkuntza emango diote beren etorkinari, hau da euren izena hiru hizkuntz ezberdinetan idazten ikasiko dute (pertsiarra, japoniera eta errusiarra) eta ikasi ostean hennarekin tatuaje bat egingo dute. Laugarren tailerrean perkusiozko musika instrumentuak eraikiko dituzte material berziklagarriekin, eta azkenengo tailerrean jotzen ikasiko dute. Zirkuitu horrekin umea etorkin baten irudia, kultura, hezkuntza, musika eta idazketa ikasteko aukera izango du.
Gune horietaz gain azokak beste hainbat gauza izango ditu, adibidez bisitariak argazki kamera batekin argazkiak ateratzeko aukera izango dute eta gero bideoproiekzioaren bitartez ikusiko dira zuzenean.