Emaitzik gabeko negoziaketen ostean, greba deialdiari eutsiko diote ostiral honetan, maiatzak 9, Bilbobus eta Bizkaibuseko gidariek. Lanuzteak Transportes Colectivos SA (TCSA) enpresaren jardunpeko lineetan izango du eragina, hau da, Ezkerraldea eta Nerbioi Garaia eskualdeetara doazenetan eta Bilbotik, Nerbioi Garaitik eta Eskuinaldetik EHUra doazenetan. Uribe Kosta eta Erandiori dagokionez, Areeta, Getxo, Algorta eta Altzagatik Leioa eta Erandioko campuserako autobusik ez da egongo, 7:30etik 9:30era eta 18:20etik 20:00etara;
gutxieneko zerbitzuak kontutan hartu gabe noski. Bilbotik etorrita, Astrabudua zein Erandio Landatik EHUrako bidea egiten duten lineetan ere izango dute eragina lanuzteek. Baita Astrabuduatik Erandio Landa eta Sondikarako autobusetan ere. Hileko astelehen eta ostiral guztietarako egin du greba deialdia TCSAko enpresa–batzordeak.