Anjel Figueroa askatzeko 3.582 sinadura igorri dizkiete Landa, Ibarretxe eta Langraizko zuzendariari

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko mai. 8a, 23:40

Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzara eta Langraizko espetxera egindako bisitan, herritarrek emandako 3.582 sinadura zuzendu dizkie gaur Juan Jose Ibarretxe Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako lehendakariari eta Juan Antonio Perez kartzeleko zuzendariari, Anjel kalera! herri ekimenak. Goizean bezala, Mari Karmen Fernandez Figueroaren ama buru zela, beste horrenbeste egin zuten joandako apirilaren 25ean Getxoko udaletxeko erregistroan, orduan Imanol Landa alkateari zuzenduz. Sinadurei atxikitako gutunean, preso gaixo algortarra askatzeko aldarria bere egin dezatela eta, horretarako, eskura dituzten baliabide guztiak erabil ditzatela eskatu zaie hiruei. Bitartean, Algortan autobusa antolatu dute igande honetan, maiatzak 11, Langraizko espetxera egingo den martxara joateko. Horrenbestez, 11:00etan abiatuko da Villamontetik (Izen-ematea Amnistia tabernan). Argazkian, sinadurak Getxoko udaletxean entregatzen.

Sinadurekin batera entregatutako gutuna:

Zuzendari jaun txit agurgarria:

Getxoko hiritarrak gaituzu eta gure herrikide baten egoeraz kezkatuta gaude, Anjel Figueroa Fernandez presoaren egoeraz hain zuzen.

Utziguzu azaltzen, arren, Anjel Figueroaren osasun egoera:

Anjel Figueroak gaixotasun larria eta sendaezina du: epilepsia tenporala eta eskumaldeko esklerosi mesiala. Horren ondorioz krisialdi larriak izaten ditu, krisialdietan konortea galtzen du eta, tartean, absentziak, memoria galerak eta haluzionazioak izaten ditu.

Anjel Figueroak 13 urte daramatza kartzelan eta, gaixotasuna txikitatik duen arren, espetxeko baldintzek areagotu diote gaixotasuna, batez ere 2004an Kordobako espetxera eraman ondoren.

Kordoban zuen koadro klinikoa ikusirik, 2006ko maiatzean ebakuntza egin zioten Gurutzetako ospitalean eskumaldeko lobulu tenporalean baina, osatu beharrean, okerrera egin du harrezkero.

Gurutzetako ospitalean egin berri dioten azterketan, ezkerraldeko lobulu tenporalean beste foku bat duela antzeman diote. Horrela, gaixotasunaren larria berresteaz gain, sendatzerik ez duela ebatzi dute azterketa egin dioten medikuek. Medikuek argi eta garbi esan dute Anjelen egoerak ez duela bueltarik.

Kartzelak ez ditu betetzen bizi-baldintzak gaixotasun honekin bizitza bermatzeko baina, hala ere, administrazioak ukatu egin dio Kode Penalaren 92. artikuluaren aplikazioa, hau da, ukatu egin dio gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten presoak baldintzapeko askatasunean kaleratzea aurreikusten duen legearen aplikazioa.

Guk uste dugu osasun fisiko zein psikologikoa pertsona ororen oinarrizko eskubidea dela, edozein kontsiderazio penal zein legalaren, eta edozein espetxe politikaren gainetik. Hau da, preso egonik ere, pertsona batek edozein euskal herritarren kalitate baldintza bereko osasun integraleko eskubidea duela. Beraz, preso guztiei dagokie osasun eskubidea, baita euskal preso politikoei ere.

Gaur egun irizpide politikoengatik ez zaio Anjel Figueroari Kode Penalaren 92. artikulua aplikatzen. Egoera politikoak markatzen du noiz dagozkien eskubideak euskal preso politikoei, gaixotasun larri eta sendaezinen kasuan ondorio atzeraezinak ekar ditzakeen arren.

Norabide honetan, gaixotasun larriak edota sendaezinak dituzten euskal preso politiko guztien askatasuna eta, zentzu honetan, eskubide hau arautzen duen legearen aplikazio zorrotza exijitzen dugu. Anjel Figueroaren askatasuna exijitzen dugu.

Horrexegatik sortu dugu Anjel Kalera! herri ekimena, Anjel Figueroaren gaixotasunaren nondik norakoak ezagutzera emateko eta soluziobideak bilatzeko.

Zuk duzun ardura politikoaren baitan eskatu nahi dizugu gure aldarriak zure egin ditzazun, eta eskura dituzun baliabideak erabil ditzazun Anjel Figueroa kaleratzeko eta bere osasun eskubidea bermatzeko.

Eskaera honi behar bezalako erantzuna emango diozulakoan, jaso ezazu gure agurrik zintzoena.

Anjel kalera! herri ekimena
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun