ETA: "1978an bezala, 'ez' esaten diogu itun autonomiko berri bat inposatzeari"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko mai. 9a, 14:16

Euskadi Ta Askatasunak (ETA) lau atentatu bere gain hartu eta "Moncloako estatutua berritzeko" saiakeren aurrean kokatuko dela esan du zabaldutako testuan. Izan ere, ETA (m)-k komunikatu bat helarazi dio gaur goizean "Gara" egunkariari eta bertan kalte materialak sortu zituzten lau atentatu erreibindikatu ditu: Azpeitiako eta Lapoblaciongo telebista hedagailu banaren aurkakoak, martxoaren 30ean eta apirilaren 12an; eta PSE-EEko egoitzen aurka Abusun eta Elgoibarren apirilaren 17an eta 20an. Horretaz gain, ETAk PSOE eta EAJren azken ekimenetan "gure herriari itun autonomiko berri bat inposatzeko" zantzuak ikusi dituela dio, eta horrek "Euskal Herriaren asimilazioan sakontzea besterik" ekarriko ez lukeelakoan, "Euskal Herriaren askatasun osoa nahi dugunok 78an Espainiako Konstituzioari ez! esan genion bezala, egun ere ez! esaten diogu" dio ETAk.

ETAk "Gara" egunkarira bidalitako oharra:

ETAren agiria Euskal Herriari

Euskadi Ta Askatasunak, nazio askapenerako euskal erakunde sozialista iraultzaileak, honako ekintzak hartu nahi ditu bere gain:

- Martxoaren 30ean, Azpeitian, Izarraitz mendian telebista errepikagailu batean ezarritako lehergailuz buruturiko ekintza, kalte materialak eraginez.

- Apirilaren 12an, Lapoblacionen, telebista errepikagailu batean ezarritako lehergailuz buruturiko ekintza, kalte materialak eraginez.

- Apirilaren 17an, Bilbon, PSOEren egoitzaren aurka lehergailuz buruturiko ekintza, kalte materialak eraginez.

- Apirilaren 20an, Elgoibarren, PSOEren egoitzaren aurka lehergailuz buruturiko ekintza, kalte materialak eraginez.

Espainiako Gobernuak Euskal Herrian ezarritako salbuespen egoerak larriagotzen jarraitzen du. Demokraziaren oinarrizko lege guztiak urratuz, Espainiako Estatuak bere demokrazia formalaren mozorroaren azpian sekula aldatu ez duen izaera neofaxista disimulurik gabe erakusten jarraitzen digu.

Hautetsi independentistak instituzioetatik kanporatzeko estrategian kokatutako Arrasateko alkatearen kartzelatzea, Amnistiaren Aldeko Mugimenduko kideen aurkako epaiketa fartsa, gazteen aurkako sarekada eta torturak edota Durangoko kaleetan Espainiako Polizia Autonomikoak herritarrak jipoituz eta atxilotuz utzitako argazkiak, PSOEren Gobernuak jokabide neofaxista eta errepresiboak indarberritzeko egindako apustua eta zeharo usteldurik dagoen PNVren arduradun politikoen saldukeriaren bertsiorik beltzena agertzen digute.

Ezker abertzalea anikilatzea helburu duen estrategia horren azken helburua, Euskal Herriaren independentziaren aldeko borroka indargabetzea eta Euskal Herriari ziklo autonomiko espainol berri bat inposatzea da. Espainiako hauteskundeen osteko mugimendu politikoek, PSOE eta PNVren artean Moncloako Estatutua berritzeko eta gure herriari itun autonomiko berri bat inposatzeko egitasmoa dutela iragartzen digute. Halako iruzur batek Euskal Herriaren asimilazioan sakontzea besterik ez luke ekarriko eta honenbestez, Euskal Herriaren askatasun osoa nahi dugunok 78an Espainiako Konstituzioari ez! esan genion bezala, egun ere ez! esaten diogu. Inposaketa egoerarik ez dugu sekula onartuko.

ETAk, ukazioaren aurrean eta askatasun demokratikoen defentsan herri gisa adierazten ari den borroka eta duintasun ereduak goratu eta bide batez Euskal Herriko Estatua eraikitzen jarraitzeko indarra eta determinazioa erakusteko deia luzatzen dio herritar orori. Lortuko dugu!

Euskal Herrian, 2008ko maiatzan

Euskadi Ta Askatasuna, E.T.A.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun