Dozenaka lagunek "salbuespen egoerarekin" amaitzea aldarrikatu dute eskualdean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko mai. 8a, 23:58

Dozenaka eta dozenaka uribekostar kaleratu dira arratsaldean "salbuespen egoerari stop" lelopeko elkarretaratzeak egiteko. Euripean, auzokideek bere sostengua agertu diote Inocencia Galparsoro EAEko alkate arrasatearrari eta PSOE alderdiari leporatu diote kartzelan sartzearen erabakia. Ekimen hori, "proiektu independentistarekin amaitzeko egin duen hautuaren abitan" eginiko "jauzi kualitatibo" gisa azaldu dute, gainera. Era berean, EAJren eta Ertzaintzaren bizkar gainean jarri dute ezker abertzalea desegiten saiatzen PSOEri lagundu izana, mozio etikoekin, besteak beste. Bestalde, Hego Euskal Herrirako autonomia erabakitzailearen proposamena gizarteratzeko prozesua ekiditea dela ekimen horien helburu salatu dute, baita "eraso hauek guztiauek ez gaituztela ezta milimetro bakar bat ere gure bide politikotik mugiaraziko" iragarri ere. Antolatzaileen arabera, 75 lagun batu dira Algortan, 50 Erandion, 45 Leioan, 40 Areetan, 37 Plentzian eta 20 Sopelan, besteak beste. Goizean, beste 200 bat lagun batu dira campusean, Sopelan eta Itzubaltzeta / Romon.

Algortan irakurritako testua:

Ino Galparsoro Arrasateko alkatearen espetxeratzearen aurrean honako hau adierazi nahi dugu:

Ino Galparsoro kartzelan sartzearen erabakia PSOEk hartu duela, eta Garzonek tramitatu baino ez duela egin. Beraz hau ez da Garzonada bat, erabaki hau oso estrategia zehatzari, helburu politiko argiak dituen estrategiari erantzuten dio, PSOEk herri honetako proiektu independentistarekin amaitzeko egin duen hautuaren baitan baino ezin dugu kokatu: Eta estrategia horretan noraino heltzeko gai den ikusi dugu: alderdien ilegalizazioak, zuzendaritza politikoak, bizi arteko espetxe zigorrak eta tortura basatiez gain, herriak aukeratu duen alkate edota hautetsi bat espetxeratzeko gai ere badela, erakutsi nahi izan digute. Jauzi kualitatibo garrantzitsua eman dute.

Estrategia horrek izen-abizen zehatzak ditu: salbuespen egoera. PSOEk euskal independentismoarekin amaitzeko salbuespen egoera ezarri du Euskal Herrian, inkisizioak, 36ko matxinatuek edota frankismoak erabili zituzten metodo errepresiboak erreproduzituz.

Baina gertatzen ari den guztia ezin dugu ulertu PNVren oniritzirik, babesik eta laguntzarik gabe. Eta horren erakusgarria asteazkenean bertan Arrasaten bertan bizi genuena: Guardia Zibila Arrasateko Udala miatzen ari zen bitartean, Ertzaintza herritarren manifestazioa kolpeka eragozten. Eta oso urrutira joan gabe, azken egun hauek antzeko argazkiak utzi dizkigu: prentsaurrekoak tiroka galarazten, herritar batasunaren 30. urteurrena debekatu eta herritarrak kolpatzen... Urkulluk PSOEri laguntza osoa eskaini dio, PSOErekin akordioa lortzearen truk. Izan ere, biek ala biek ondo dakite, akordio hori egin ahal izateko ezker abertzalea kendu behar dutela paretik.

Eta zergatik kendu behar gaituzten paretik? Jakin badakitelako ezker abertzaleak herri hau independentziaren atariraino eraman dezakeen proposamen politikoa duela, herri honen lurraldetasun eta autodeterminazio eskubideak bermatu eta gauza ditzakeen proposamen politikoa duela eta, gainera, proposamen hori herriak bere egin dezan lanean eta borrokan jarraitzeko determinazio osoa dugula. Eta zentzu horretan badakite, guk geroz eta gehiago kaleratu eta gizarteratu proposamen horren eduki eta balio politikoak, geroz eta herritar eta sektore gehiagok egingo dutela bat proposamenarekin, izan ere, proposamen hori da gaur-gaurkoz herri honetan benetako aldaketa politikoa ekar dezakeen bakarra eta, era berean, herri honetan bizi dugun gatazka politiko eta armatua eragiten duten zatiketa, ukazioa eta zapalkuntza gainditzeko proposamen bakarra. Beldur diote ezker abertzalearen potentzialidadeari, eta horregatik eraso egiten digute.

Hau da PNV eta PSOEren demokrazia, hauek dira bi alderdi horien printzipio etiko eta demokratikoak. Euren mozio etikoen bidez Garzoni bidea ireki baino ez diote egin, bidea erraztu diote, eta gure alkateak errepresioaren dianan kokatu dituzte. Eta horregatik gaur inoiz baino argiago esan nahi dugu PNV ere badela Inoren espetxeratzearen eta etor daitezkeen erasoen erantzule, eta PNVrekin batera estrategia hau bere egin duten alderdietako zuzendaritzak.

Salbuespen egoera honek, inoiz baino ageriago uzten du aldaketa politikoaren premia, Espainiako Konstituzioaren kaiola apurtzeko premia. Noiz arte jarraitu behar dugu gure herriaren eskubideak urratzeaz gainera, tortura, ilegalizazioak, espetxeratzeak, makroepaiketak, egunkarien itxierak eta abar luze bat ahalbidetzen duen orain 30 urte inposatu ziguten marko konstituzional honen pean?

Inoiz baino ozenago "nahikoa da!" esateko ordua iritsi da, eta erasoen aurrean Euskal Herriaren eskubideen eta autodeterminazioaren aldeko herri harresia altxatzekoa. Gu horretan gaude, eta eraso hauek guztiauek ez gaituzte ezta milimetro bakar bat ere gure bide politikotik mugiaraziko. Euskal Herrian benetako aldaketa politikoa eman dadin eta horretarako, eztabaidaren parametro errealak kokatzeko ahaleginak eta bi egingo ditugu; hain zuzen horixe zen kokatzeko ahaleginak eta bi egingo ditugu; hain zuzen horixe zen [ezker abertzaleak Gipuzkoako hainbat herrietan] mozio propioa aurkeztuta bilatzen zuena, eta ikusi dugu nola Garzoni, eta PSOEri ez zaien batere gustatu gure hautua.

Mozioan benetako aldaketa politikoaren gakoak mahai gaineratzen dira, baita gatazka politikoa gainditzeko askatu beharreko korapiloak zeintzuk diren argi eta garbi adierazi ere. Horregatik, gaurkoan berretsi egin nahi ditugu mozioan aurkeztu ziren bost puntuak:

- Dimisio eskaerak eta zentsura mozioak eta, halaber, ezker abertzalea isolatzeko estrategia oro, antzua dela gatazkaren konponbidera heltzeko.

- Gatazka politikoa konpontzeko gakoa autodeterminazio eta lurraldetasunaren korapiloak askatzea dela.

- Udal honek uste du euskal herritarrek bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea dutela, eta, hori lehen bait lehen eman dadin urratsak eman behar direla, eta Espainia nahiz Frantziako gobernuek Euskal Herriak erabaki duena errespetatu behar dutela.

- Udal honek bere eskuetan dagoen guztia egingo duela euskal gizartea eskatzen eta nahi duen benetako aldaketa politikoa gauza dadin.

- Udal honek bere egiten du proiektu politiko guztiak aukera berdintasunean lehiatzeko duten eskubidearen aitortzan eta hori bermatzeko bere eskura dauden bitartekoak jarriko ditu.

Errepresioak min eman arren, errepresioa antzua da gurekin amaitzeko. Zapatero eta Rubalcaba berriro erratuko dira bide honekin ezker abertzalearekin akabatzea lortuko dutela pentsatzen badute, bere aurreko guztiak erratu diren bezalaxe. Ezker abertzalea herri honetan oso sustraituta dagoen errealitatea da, erro oso indartsuekin, kimu berriak sortzeko izugarrizko gaitasunarekin gainera.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun