Neska gazte bat bortxatu egin dute Getxon

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko mai. 9a, 15:33

Getxoko neska gazte batek bortxaketa pairatu izana salatu egin du, eta hortaz "kasua egon badago", baieztatu diote UKBERRI.NETi Ertzaintzaren Prentsa Bulegoko langileek. Izan ere, azken egunotan bolo-bolo ibili da Getxon bertako neskato bat bortxatu dutela eta horren berri eman diote agerkari digital honi hainbat irakurlek. Baina, aipatutako deklarazio xumeaz landa Ertzaintzak nahiago izan du kasuaren inguruko daturik ez ematea, "kontu handiz ibiltzeko gaia delako" eta oraingoz ikerketa bere hastapenetan baino ez delako. Mugimendu feministako kideek aitortu dutenez, "egoera larria da, aspaldi honetan Algortan horrelako hainbat ekintza nazkagarri gertatu baitira eta azkenean, bortxaketa bat". Argazkian, azaroaren 25ean, Algortako Bilgune Feministak deituta, emakumeen aurkako indarkeriaren kontra egindako elkarretaratzea.

Getxoko bortxaketaz gain, urtea hasi zenetik emakumeen aurkako beste zazpi sexu eraso egin dira publiko, baina ikerketa gehienek esaten duten bezala, litekeena da gertaturikoak askoz gehiago izatea.

Salatutako lehenengo kasua martxoaren 30ean izan zen L.M.C.F. 35 urteko getxoztarrak emakume bati sexu erasoa egin zienean. Apirilaren 21ean, berriz, M.J. 31 urteko getxoztarrak ustez bere bikotekideari heriotz mehatxuak egin, ukabilekin kolpatu eta labanaz zauritu zuenean. Apirilean ere, Portugalete 20 eta 21 urteko bi gaztek Itzubaltzeta / Romoko hiru neska gazteri sexu erasoak egin ei zizkieten. Apirilaren 24an atxilotu zituzten mutikoak. Hurrengo egunean, beste emakume bati sexu erasoa egin zioten Getxo udalerrian, L.M.C.F. 35 urteko getxoztarra dela susmagarria. Bi egun beranduago, apirilaren 27an, MRS 39 urteko sopeloztarrak Larrabasterrako metro geltokian bere bikotekidea jipoitu ei zuen.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun