Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Gaur iluntzeko 8etan jokatuko da Ipar Uribeko VII. Bertsolari Txapelketako hirugarren eta azken kanporaketa, Fikako herriko txokoan, bertso afariaren bidez. Bertan, sei bertsolariek jardungo dute: ALBEko Ekaitz Larrazabal "Katxo", Josu Landeta eta Pello Etxebarria "Bonbero", Itzubaltzetako Pello Ruiz de Agirre eta Taketeko Miren Ibarluzea eta Mikel Goiriena. Miren Ibarluzea eta "Katxo" faboritoak badira ere, kanporaketan beste norbait nagusitzea ezin da baztertu. Argi dagoena da, txapelketan aurrera egiteko Fikako kanporaketakoak beren burua estutu beharko dutela eta Larrabetzun eta Sopelan aritu zutenak baino hobeto egin beharko dutela. Lortu ala ez, finala berdin egingo da maiatzaren 17an Areetako Andres Isasi musika eskolan, 18:00etan. Momentuz, eta Fikako emaitzaren zain, Jone Uria, Peru Vidal, Itxaso Paya, Olatz Ibarluzea, Arrate Illaro eta Miren Loizaga daude sailkapen postuetan.
Areetako finalera helduko direnek Bizkaiko txapelketarako 30 lagunen zerrendan sartzeko aukera izango dute. Orain arte, Etxahun Lekue larrabetzuarra eta hiru Paya Ruiztarrak –Fredi, Xabi eta Itxaso– izan dira Ipar Uribeko txapelaren jabe eta, seguru aski, Itxasori egokituko zaio 2006an jasotako txapela defendatzea.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.