Hain zuzen ere, gaur eman dute horren berri, Salhaketaren Gasteizko egoitzan, Carlos Hernandez presoen aldeko aipatu elkarteko Bizkaiko koordinatzaileak, Amets Ladislao Anjel kalera! herri ekimeneko kideak eta Lur Pagoaga Arrasateko lagunak (argazkian, ezkerretik eskuinera). Begoña Mugerza Jon Agirreren koinatak, preso horren anaia Emiliok eta Mari Karmen Fernandez Anjel Figueroaren amak (hiruak zutik atzean) ere parte hartu dute prentsaurrekoan.
Prentsaurrekoan irakurritako idatzia:
Maiatzaren 11n, danok Langraizera!
Egunon
Helburu amankomun bat ekarri gaitu gaur Gasteizera. Herri eta eragile anitzetako kideak elkartu gara, prentsaurreko honen bitartez, igande honetan, eguerdiko 12:30ean, Langraizko espetxera egingo dugun martxaren berri emateko asmoz.
Zergatik Langraizera? Bertan ditugulako Anjel Figueroa algortarra, Jon Agirre aramaioarra eta Josu Uribetxebarria arrasatearra, larriki gaixo eta oraindik preso! Langraizen, preso sozial askok gaixotasun larriak dituztelako!
Anjel, Jon eta Josuri ukatu egin diete Kode Penalaren 92. artikuluaren aplikazioa, hau da, ukatu egin diete gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten presoak baldintzapeko askatasunean kaleratzea aurreikusten duen legearen aplikazioa. Horregatik ere, gogora ekarri nahi ditugu Anjel, Jon eta Josuk bezala gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten beste sei euskal preso politikoak: Mikel Gil eta Marilo Gorostiaga iruindarrak, Gotzone Lopez de Luzuriaga aguraindarra, Juan Jose Rego donostiarra, Jose Ramon Foruria markinarra eta Bautista Barandalla etxarriarra. Baita senideen sostengurik edota baliabiderik ez izateagatik espetxean mantentzen dituzten gaixo dauden hainbat preso sozial ere. Horiei guztiei, gaixotasun larriak edota sendaezinak dituzten presoentzako askatasuna arautzen duen legea aplikatu behar zaie. Osasun eskubidea zor zaie, osasun eskubidea bermatu behar zaie, gainerako euskal preso politiko eta preso sozialei bezala.
Anjel Figueroa
Anjel Figueroa Algortakoa da eta dagoeneko 13 urte daramatza espetxean. Gaixotasun larria eta sendaezina du: epilepsia tenporala eta eskuinaldeko esklerosi mesiala. Horren ondorioz krisialdi epileptiko larriak izaten ditu, krisialdi horietan konortea galtzen du eta tartean absentziak, memoria galerak eta haluzinazioak ere izaten ditu.
Gaixotasuna txikitatik badu ere, espetxeak eta espetxeko baldintzek gaixotasuna areagotzea ekarri dute, batez ere 2004an Kordobara eraman ondoren. Horren aurrean, 2006ko maiatzean ebakuntza egin zioten eskuinaldeko lobulu tenporalean, baina osatu beharrean okerrera egin du harrez gero. Gurutzetako ospitalean egin berri dioten azterketan ezkerraldeko lobulu tenporalean beste foku bat duela antzeman diote. Horretara, gaixotasunaren larria berresteaz gain, sendatzerik ez duela ebatzi dute azterketa egin dioten medikuek.
Medikuek argi eta garbi esan dute Anjelen egoerak ez duela bueltarik. Eta kartzelak ez ditu betetzen duen gaixotasunarekin bizitza bermatzeko behar dituen bizi baldintzak.
Kronologikoki begiratuta ere Anjelen egoera gero eta okerragoa da. Gero eta krisialdi eta arazo ugariagoak ditu.
Jon Agirre
Jon Agirre Agiriano aramaioarrak zigorra 2006ko urriaren 28an bete behar bazuen ere, Parot doktrina aplikatu eta bost urte gehiago egin beharko ditu espetxean. 30 urte guztira. Dagoeneko 27 urte daramatza kartzelan.
Artrosi orokortua dauka eta bi aldakak ukituak; baita hernia diskala gerrialdeko laugarren eta bosgarren hezurkateen artean ere. 2005ean egin zioten eskuineko aldakako ebakuntza eta protesi bat ezarri zioten.
1998an diagnostikatu zioten Diabetes Mellitas-a. Horren ondorioz, alde biko miopia, hiperkolesterolemia, hiperglizeridemia eta miokardioko bihotzeko larriaren arriskua dauka. Honetaz gain, Dupuytre gaixotasuna du eskuineko eskuan.
Josu Uribetxebarria
Arrasaten jaiotako Josu Uribetxebarriak uztailean beteko ditu 10 urte espetxean. Langraizen dago egun, destinoko espetxea Puerto-II badu ere.
Minbiziaren ondorioz, 2005eko ekainean ezkerreko giltzurruna kendu zioten. Ondorioz, aldian aldiko kontrolak egin behar ditu Urologiako Kontsultan. Bizitza osorako tratamendua da hori. Egoera hau, espetxearena, alegia, ez da egokiena gisa honetako gaixo batentzako. Espetxean jarraituz, kanpoan egonik baino arrisku larriagoa du gaitza berpiztu dadin.
Presoen osasun eskubidea
Guk uste dugu osasun fisiko zein psikologikoa pertsona ororen eskubidea dela, edozein kontsiderazio penal zein legalaren, eta edozein espetxe politikaren gainetik. Hau da, preso egonik ere, pertsona batek edozein herritarren kalitate baldintza bereko osasun integraleko eskubidea du. Preso guztiei dagokie osasun eskubidea, baita euskal preso politikoei ere. Norabide honetan, gaixotasun larriak eta sendaezinak dituzten preso guztien askatasuna eta, zentzu honetan, eskubide hau arautzen duen legearen aplikazio zorrotza exijitzen dugu.
Gaur egun irizpide politikoengatik ez zaie Anjel Figueroari, Jon Agirreri eta Josu Uribetxebarriari Kode Penalaren 92. artikulua aplikatzen. Egoera politikoak markatzen du noiz dagozkien eskubideak euskal preso politikoei, gaixotasun larri eta sendaezinen kasuan ondorio atzeraezinak ekar ditzakeen arren.
Gogora dezagun: gaur arte bost euskal preso politiko hil dira kartzelan hainbat gaixotasunen ondorioz eta beste zazpi hil dira gaixorik kaleratu ondoren.
Langraizera martxa
Hori guztiagatik batu ditugu indarrak. Hartara, herritar oro deitzen dugu igande honetan, maiatzak 11, eguerdiko 12:30ean, Langraizko espetxera egingo dugun martxarekin bat egitera.
Kalean eta bizirik nahi ditugulako…
Anjel, Jon eta Josu askatu! Preso gaixoak kalera!