Leioako Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak eraikiko duten Pinosoloko kiroldegiak -60.000 metro koadro izango ditu-, lurraldeko lehen igerileku olinpikoaz gain, Europako aurreneko olatu artifiziala izango du. Hartara, itsasertzik ez duen herrian surfean aritzeko aukera egongo da, 2009ko urte bukaeratik aurrera, atzoko prentsaurrekoan (argazkian), Eneko Arruebarrena alkateak eta Jose Luis Bilbao ahaldun nagusiak iragarri zutenez. Flow Rider edo hodirik gabeko olatuan egingo dira lehen urratsak. Behin neurria hartuta, 3 metroko hodidun olatu estatikoaz gozatzeko aukera izango da. Gaur egun, San Diegon (AEB, argazkian) eta Durbanen (Hegoafrika) baino ez dute antzekorik. Bizkaiko PPk, ordea, ez du horren argi ikusten egitasmoa. Arturo Aldecoa Batzar Nagusietako popularren ahaldunaren arabera, kiroldegia egitearekin bat datoz konstituzionalistak. Hala ere, ez dute beharrezkoa ikusten olatu artifizala eratzeko 10 milioi euro "zarrasteltzea", "itsasoa metro gutxitara edukita". Aldecoaren hitzetan, "kirola bultzatzeko probetxugarriagoa da igeritoki gehiago jarri edo federazio eta klubak diruz laguntzea". Hartara, "sona handiko egitasmoak iragartzeari utzi eta bizkaitarren arazoak konpontzea" eskatu diote Aldundiari.