Lehenengo orkatila okertuen ondoan, Lemoizko zentral nuklearraren historiaz eta termikoaren "arriskuaz" jabetu ziren atzo gazteak, baita zein denbora gutxian ikus daitezkeen polizia indar ezberdinak. Bertan egon ziren ordu batean, segurtasun guardiak, ertzainak eta kalez jantzitako guardia zibilak izan zituzten zelatatzen.
Barrikan, eguzkiak jota, intsolaziorako bidean, euskal herritarrok izandako Estatu bakarra, Nafarroa, zelan garaitu zuten eta handik hona, matxinoek, karlistek, Aranak, Xahok, Kanpionek, hasierako PSOEk, Eli Gallastegik, Eusko Abertzale Ekintzak, ETAk eta herri mugimenduek jokatutako papera birpasatu zuten martxistek.
"Mesedez"
Aurretik, indarrak batzeko bazkari arin baten ostean, berriz, gudariei omenaldia egin zieten, Kantauri itsasoari begira. Ondoren Sopelan eta Berangon, deshidratazioak ez zien etxebizitza eskubidea borrokatzeko gazte asanbladek egindako lana ezta Bologna prozesuaren nondik norakoak ahaztarazi. Ahaztuko ez dutena seguraski da ertzainek Berangoko frontoian egindako garaipen-sarrera modukoa. Gazteek bertan lo egiteko baimena zutela eta gaubela antolatuta zeukatela, dozena bat polizia agertu zen pilota-jaurtigailuz hornituta, berandu zela eta musika kenduko zuten "mesedez" galdetzeko.
Gaur ere, lurrean lo egin ondoren, "Gazte eta aske" dinamika ezagutu dute abialdikoek Algortan, Mikel Saratxok grabazio baten bidez bidalitako mezua, EHUko ikasle auziperatuko baten lekukotasuna eta Mikel De Gregorioren eskutitz batekin batera. Ondoren, errazagoa egin zaie bidea, baina ez azkarra, Itzubaltzeta / Romon aztertu duten AHT bezalakoa. Leioan, emakumeenganako bortxakeria ez duela graziarik eta feminismoari buruzko hainbat kontu ere jolasen bidez barneratu dute.
Erandiora helduta, ospatu egin dute maratoiaren bukaera, Itakara heldu izana, euskal ohiturak agintzen duen legez, mahai inguruan bazkari eder baten bidez. Ondoren, ekitaldi politiko koloretsua izan da: grafittiak, bertsoak, banderak, kea, txalaparta, presoen ikurrak eta baita Aiboa Casares Segiko kide espetxeratuak Villabona espetxetik bidalitako mezua ere. Uribe Kosta askea, gorria eta feministaren alde borrokatzera deitu du Casares astrabuduarrak, "bakeaz mintzo zaizkigun" zapaltzaileei aurre eginez. Ondoren, UK Martxako parte hartzaileek egindako irakurketari ekin diote, Non Ote musika taldearen kontzertuarekin amaitzeko.
UK Martxako adierazpena:
Azkenean heldu gara helmugara. Asteburu honetan, Uribe Kostan zehar, hamarnaka gazte bildu gara amesten dugun gazte herri gorria pizteko asmoz.
Gazteok zapalduak ditugun eskubideak defendatu eta gure proiektu propioak eraikiko ditugu. Martxa hau izan da horren adibiderik garbiena. Lemoiztik Erandiora lau haizeetara zabaldu dugu... AHT ez dugula nahi eta txikizio hau gelditzera goazela; hezkuntz sistema propio bat eraikitzera goazela; gune askeak diren gaztetxeetan lanean jarraituko dugula; eta etxebizitza eskubidea errealitate bihurtuko dugula.
Gazteok hamaika arrazoi ditugu borrokatzeko, Euskal Herri aske baterantz urratsak emateko aukerak badaude, eta egitera goaz!
Bidea erraza ez zela izango bagenekien, Espainiar eta Frantziar estatuek euren kaiola hotzetan bizitzera kondenatu nahi gaituzte. Azken 30 urteotan, PNVk defendatu duen "sistema" autonomistak ez digu herri gisa garatzen utzi ezta gatazka konpontzeko balio izan ere.
Egun, iruzur berri baten atarian gaude, PSOE eta PNV dira iruzur berri horren protagonistak. Boteredun korbatadun zikinak, entzun gaitzazue! Ez dugu onartuko, gazteok badakigu zer nahi dugun... Gure aukera: independentzia.
Bi egun hauetan, ibilbideak marraztu duen lerroa alde baterantz edo besterantz tiratzera eraman gaitu. Guk sokaren zein aldetan egon nahi dugun erabaki dugu, independentziaren aldeko tirada irabaziko dugu. Gazte hori! Antolatu eta borrokatu! Jo Ta Ke, irabazi arte!
UK Martxa