Txileko Independentziaren 198. urteurrena ospatuko dute iluntzean Leioan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko ira. 18a, 15:17

Txilek espainiarren kolonizazioarekin bukatu eta independentzia lortu zuela ospatuko du gaur arratsaldeko 8etan Leioako Udalak, Errekalde plazan eta Kultur Leioan. Izan ere, ofizialki Andeetako herrialdeak burujabetza 1818ko otsailaren 12an eskuratu bazuen ere, gaur bezalako egunean, 1810eko irailaren 18an burutu zen Santiagon Txileko Lehenengo Nazio Gobernu Batzarra, Aberri Zaharra aroko Txile lurralde espainiarra baina autonomiaduna finkatzen zuena. Autonomiak kriolloen burujabetasun nahia ez zuela asetzen, hainbat matxinaden ostean 1816an hasi zen independentzia gerra. Gaurko dataren inguruan aste osoko jaiak ospatzen dira Txilen, Aberri Jaiak. Horregatik, bigarren urtez, "Kulturart Leioa-Txile" ospakizunari ekingo dio Leioako Udalak. Aurten Txileko independentziaren 198. urteurrena musikarekin ospatuko du Leioak, Claudio Recabarreren musikari txiletarrari esker. Argazkian, Askapeneko kideek behin baino gehiagotan maputxeen eskubideak errespetatzen ez direlako bere kezka agertu dizkiote Txileko kontsulari (ezkerrean).

Ekitaldiak Txileko folklorearen gorazarrea izango da eta bertan, Leioako udal ordezkariez gain, Txileko kontsula, Juan Carlos Perez de Unzueta, eta Alonso Ercilla elkarte euskotxiletarraren presidentea den Gotzon de Lasa izango dira. Horietaz gain, Euskal Herriko beste toki askotako elkarte txiletarrak ere izango dira, hauen artean Iruñakoa eta Donostiakoa. Izan ere, milaka dira Euskal Herrian bizi diren txiletarrak. Soilik Bizkaian 800 baino gehiago daude erroldatuta.

Iaz Ibarrabarrin kokatu zen Txileko Kontsulatua, eta ordutik hona Leioak oso harreman estua izan du herrialde horretako etorkinekin. Horregatik, joan den urtean txiletar guztientzat hain garrantzitsua den data zehatz hau gogoratzea eta ospatzea erabaki zuen. Aurrekoan artea izan zen protagonista, zehazki pintura, aurten berriz, musika izango dugu ardatz bezala.

Arratsaldeko 8etan Errekalde plazan harrera ofiziala egingo da eta ohiko aurreskuaren ondoren "Chile Lindo" eta "Pablo Neruda" taldeetako kideek Txileko dantzen erakustaldi bat egingo dute. Ondoren, Claudio Recabarren nazioartean ezaguna den Txileko musikariak kontzertua emango du Kultur Leioako auditoriumean, ekitaldirako gonbidapena behar izango da. Berarekin batera, Udalak sekretupean mantendu duen euskal artista ezagun bat arituko da taula gainean. Musikaren tartea amaituta, luntxa eta koktela izango da, Txileko janari tipikoekin osatutakoa.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun