Imanol Landa alkateak gaur goizean adierazi duenez, “karpak Getxo udalerriaren beraren errealitatea bilduko du, heltzen ari diren auzokidek eraginda, gure errealitatea gero eta anitzagoa baita. Horregatik, zeharkako politikak bultzatzen ari gara gizarte batuagoa lortzeko eta, hori horrela, jatorria edozein izanda ere, era duinean garatu ahal izateko baldintza egokiak eta aukerak denok eduki ditzagun. Getxoztar berriek eskubide eta betebehar guztiekin gizarteratzeko esfortzua egin behar dute erakundeek”. Ildo horretan, udal agintariak nabarmendu du euskal kultura eta euskara ezagutzeko politikei "esanahi berezia" ematen ari zaizkiela, euren ustez, "gizarteratzerik hoberena denon arteko ezagutzaren bidez lortzen dena baita”.
Euskarashowa
Kulturen arteko karaokearen hirugarren edizioa azaroan egingo da. Baina folk jaialdiak irauten duen bitartean, ekitaldi horretarako entseguak egin ahal izango dira igandera bitartean. Aipatu ospakizunean Getxoko herritarrak biltdu ohi dira, bertakoak zein beste herri batzuetatik datozenak (Filipinar Irlak, Bolivia, Ekuador, Italia, Txile, Kolonbia, El Salvador, Belgika...). Aste honetan Areetan kokatutako kolore anitzeko espazio horren bitartez, ahalik eta pertsona kopuru handiena erakarri nahi dute Euskarashowaren hirugarren edizioan parte hartzeko. Bertan Euskal Herriko kantuak, beste herri batzuetako jatorrizko abestiak edo nazioarteko gai klasikoak euskaratuta edo Getxon erabilitako beste edozein hizkuntzara itzulita kantatzeko aukera egongo da, 18:00etatik 20:00etara.
Elkargunea
Aurreko urteetan bezalaxe, Elkargunean etorkinak hartzera zuzendutako programak eta kultur arteko bizikidetza sustatzeko ekintzak aurkeztuko dira. Jendea karpara erakartzeko gakoa Post It delakoa izango da. Hori, ekitaldi honetarako, Getxophoto egitasmoarekin lankidetzan muntatuko den argazki-estudioa izango da. Bertaratzen diren lagunek Getxo zein beste herrialdeetako paisaia, egoera eta motiboen postal dibertigarri eta orijinalak sortu ahal izango dituzte, 18:00etatik 20:00etara. Ondoren, datorren asteko argazkigintza erakusketan, postalak formatu handian proiektatuko dira (hilaren 13an, larunbata, 21:00etan, Algortako San Nikolas plazan). Areetako Xake plazako karpan ere ikusgai egongo dira irailaren 11tik 14ra bitartean, 10:00etatik 22:00etara.
AISA Eskola
Ordu erdiko euskara ikastaroen bidez (19:00 - 19:30), besteak beste, bere izena esaten, freskagarri bat eskatzen edo euskaraz ikusten ditugun errotuluak irakurri eta ulertzen ikasiko dute Kulturen Gunera hurbiltzen direnek. Horretarako, metodologia erraza, alaia eta atsegina erabiliko dute.