Agur esan diete Barrikako nagusien etxeko mojei

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko mar. 9a, 17:20

Elorduy Fundazioko nagusien etxeko mojek omenaldi hunkigarria jaso zuten atzo, martxoak 8, Barrika, Gorliz, Plentzia, Sopela eta Urdulizko Udalen eskutik. Agur esateko ekitaldia zen, Santa Ana Karitatearen Ahizpen kongregazioko lekaimeek nagusien etxea utziko baitute, urteetako lanaren ostean. Ekitaldia mezaren bitartez hasi zen, nagusien etxeko kaperan. Elizkizuna bukatutakoan, aurreskua dantzatu eta Gorlizko abesbatzak zenbait abesti kantatu zituen. Ondoren, mojek zenbait opari jaso zituzten, horien artean oroigarria. Azkenik, eskualdeko auzotarrek hamaikatakoaz gozatzeko aukera izan zuten. Argazkian, lekaimeak atzo udal agintari eta herritarrekin batera.

Juan Jose Ezpeleta Barrikako alkateak adierazi zuenez, “gure artean horrenbeste urte egin ostean herriaren eta eskualdearen zati bihurtu dira, gu denon maitasuna eta abegia dituzte”. Halaber, azpimarratu zuen, “nagusien etxeak bizi izan dituen aldaketen protagonista" izan direla, "lan etengabea eta isilean egindakoa". "Lan ugari burutu dituzte nagusien etxean eta bere eraldatzearen erantzule izan dira”, bukatu zuen Ezpeletak.

Pilar Arroyo mojak, atzoko egunean omenaldia jaso zuenetariko batek, aitortu zuenez, “agurraren arrazoia da nagusien etxeak dituen beharrak asetzeko adina indarrik ez dugula, baina esku onetan uzten dugu, dituen babesengatik”. Bestalde, “egin dezakegun gauza bakarra da laguntza eskaini diguten pertsonei esker ona adieraztea. Minez goaz, baina eskertuta aldi berean”, aipatu zuenez. Euren etorkizunari buruz esan zuen kongregazioak erabakitzen duen tokira joango direla, "karitatean lan egiten jarraitzeko, abegia egindako karitatea”.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun