Erandioko Berbots eta Getxoko Bizarra Lepoan euskara elkarteek formatu txikiko kultur zirkuitua antolatu dute, datozen asteotarako, Barakaldoko Sasiburu, Portugaleteko Harribola eta Santurtziko Bai Esan taldeekin eta Topagunea Euskara Elkarteen Federazioarekin batera. Nerbioi-Ibaizabal itsasadarreko alde batean ala bestean, bost emanaldi izango dira, mota guztietako publiko eta gustuak beteteko modukoak, urriaren 17tik eta azaroaren 10era bitartean. Uribe Kosta eta Erandiori dagokionez, urriaren 31an, ostiralarekin, eskainiko du kantu afaria Zu Kantari taldeak, Altzagako La Estrella jatetxean, 22:00etatik aurrera. Azaroaren 6an, berriz, "Biderdi" izenburuko ipuin kontaketa saioa emango du Koldo Amestoy idazleak, 18:00etan, Getxoko Geroa ikastolan. Lakrikun, Bikoteatroa eta Ander Lipusen antzerki osatuko dute zirkuitua. Argazkian, Koldo Amestoy Algortan, 2004ko "Iparra galdu gabe" jardunaldietan.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!