Uholdeak saihesteko estolderia sarea txukuntzen dabiltza Getxon

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko eka. 27a, 21:12

Ekainean izandako uholdeen ondorioz, estolderia sarearen 3 kilometro baino gehiago telebista monitore batzuen bitartez aztertu eta garbitu zituen Getxoko Udalak. Bada, orain, milioi bat euro jarri ditu tokiko erakundeak hoditeria osoa txukuntzeko, urak gainezka egin duen tokiei arreta berezia jarriz. “100 kilometrotik gora dituen sarearen %70 egoera onean dagoela esan dezakegu eta bere zeregina modu egokian betetzen du. Sarearen gainontzeko tarteak konponketaren bat behar du epe labur edo ertainera, zaharra delako, egoera txarrean dagoelako”, esan du gaur goizean Joseba Arregi Hirigintza zinegotziak, uholdeen ondoren egindako premiazko ekintzen berri ematerakoan. Argazkian, udal langileak Makaleta Etorbide inguruko estoldak garbitzen ekainaren 8ko uriolen ostean.

Ollarretxe, Makaletako Etorbidea, Txikia plaza, Elkano, Aiboa eta Maidaganen egiten ari dira garbiketa, besteak beste. Halaber, kolektore berriak ipintzeko lanak ere egiten dabiltza Maidaganen, euri urak jasotzeko hodiak txertatuz Malakateko galerian, alde horretako metroaren lurperatze laneekin batera. 6 eta 9 hilabete artean iraungo dute lanok, udal iturrien arabera. Gobernu taldea egiten ari den beste lan batzuk dira, Gobela errekaren ertzen, Larrañazubiko kanalizazioen eta arroilen eta urak hartutako aldeetako isurbideen garbiketa.

Tramitean edo aztertze bidean

Era berean, Ereagako pasealekuan, La Ola jatetxetik Igeretxera arteko tartean (300 metro), kolektore berria ipintzeko lanak eta hondartzako euri urak jasotzeko irteera berri posibleak bideratzen edo aztertzen dabiltza; baita Itzubaltzeta / Romoko sarea (Santa Eugenia eta Kresaltxu) hobetzekoak ere. Bi zeregin horiek hemendik gutxira egingo dituzte. Horiekin batera honako hauek ere egiten dabiltza: Elkano, Aiboa eta Txakursolo inguruan lanen egitasmoaren idazketa eta horiek aurrera eramatea, azterketen ondorengo diagnostikoa kontuan hartuta; Ollarretxe, Salsidu eta Bidebarrin gauza berbera, diagnostikoaren arabera ere bai; Makaletako etorbideko 53. zenbakitik 89ra (Fadura aurrean) arteko jabeen komunitate guztiek udal sarearekin dituzten loturak eta estolderiaren udal sarearen inbentarioa aztertzea eta egunean jartzea.

Une honetan, sarean egiten ari den azterketak emango dituen ondorio berriek eskatuko dituzten beste ekintza batzuk erabaki gabe daude. “Horren guztiaren berri aldian behin emango diegu atzo udal batzan aho batez osatzea onartu zen uholdeei buruzko batzorde informatibo bereziko kideei. Batzordeari egokituko zaio hilabetearen hasieratik egiten ari garen diagnostikoaren emaitzen araberako jarduerak erabakitzea", zehaztu du Arregik.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun