Leioako txosnak gauez eta egunez
Baina, Leioako txosnaguneak ez du soilik gaua eta kalitate handiko kontzertuak sustatu nahi. Maritxu Teilagorritik konbentzituta daude jaiak, batez ere, egunez gozatzeko direla eta horregatik makina bat ekitaldi prestatu dituzte, adin guztientzako publikoarentzat. Ostiralean, umeentzako jai mundiala hartuko du txosnaguneak, bertan Kuko, Truko eta Bolenwaider pailazoak, jolasak eta tailerrak izango direla. Egun berean, gazte, heldu eta nagusiek ere hurbiltzeko parada izango dute txorizada herrikoian. Larunbat goizean, berriz, txakolin eta gazta dastaketa izango da, Jai Batzorde Herriokiak antolatutako Antzinako Egunari hasiera emateko eta egun horretara gehitzeko.
Igande arratsaldean, berriz, aspaldi Leioan desagertu zen Goitibehera lasterketa berreskuratzea lortu du Maritxu Teilagorrik eta dagoeneko dozena bat gazte koadrila baino gehiagok aitortu du goitibehera prestatzen ari dela. Txosna Batzordeak jarritako arauetan zehazten denez, adinez nagusikoek baino ezin izango dute parte hartu eta beti ere, burezurra kaskoz babestuta eramatekotan. Ikuskizun hau txosnetatik kanpo egingo da, Iparragirre etorbidean.
Astelehena izango da egun bakarra Maritxu Teilagorrik gaueko giroa sustatuko duena, San Juan gauean ezinbestez egitekoa dena. Egun horretan, Akelarreko dantzariek arratsaldetik hartuko dute txosnagunea eta Akelarreri ekin baino lehen sardina janaren bidez indarrak hartzeko aukera izango da. Bestalde, ordu txikietan, kulero eta galtzontzilo lasterketa estreinatuko da Leioan.
Azkenik, asteartean, eskualdeko bertsozaleek ezinbesteko hitzordua izango dute txosnagunean, bertan Unai Iturriaga, Onintza Enbeita, Jon Maia eta Aitzol Barandiaran abestuko dutela.
Egitaraua:
Osteguna, ekainak 19:
- 21:30ean, txosnen irekiera eta txupinaren jaurtiketa.
- 23:00etan, MusikHerria gaua: Astintzen eta All Jazz Eraren kontzertuak.
Ostirala, ekainak 20:
- 19:00etatik aurrera, umeentzako jolasak, tailerrak eta Kuko Truko eta Bolenwaider pailazoak.
- 20:00etan, txorizada.
- 20:30ean, presoen aldeko trikipoteoa (Plaza Gorritik).
- 00:00etan, Soilik taldearen kontzertua eta DJ Festa.
Larunbata, ekainak 21:
- 12:00etan, txakoli eta gazta dastaketa.
- 15:00etan, denok Jai Batzordearen bazkarira (Sakonetan). Ondoren erromeria izango da.
- 21:30ean, gazte afaria.
- 23:00etan, kontzertu sorpresa eta erromeria Basajaun taldearekin.
Igandea, ekainak 22:
- 18:00etan, goitibehera lasterketa (Iparragirre etorbidetik).
- 20:00etan, goitibeheren sari banaketa txosnetan.
- 22:30ean, Sorkun eta Anestesiaren kontzertua.
Astelehena, ekainak 23:
- 19:00etan, Akelarreko dantza poteoa txosnetan hasita.
- 22:00etan, sardina jana.
- 00:00etan, Akelarrearen ondoren erromeria Tapia eta Leturiarekin.
- 03:00etan, kulero eta kaltzontzilo lasterketa ikaragarria.
Asteartea, ekainak 24:
- 19:00etan, bertso saioa Unai Iturriaga, Onintza Enbeita, Jon Maia eta Aitzol Barandiaranekin (txosnetan).
- 20:30ean, askaria eta azken poteoa.
- Amaitzeko, ur guda.