Bihar abiatuko da Bertsolari Gazteen BBK Sariketa

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko mar. 3a, 20:28

Bihar, asteazkena, abiatuko da Markinako institutuan Bizkaiko Bertsolari Gazteen Sariketen 17. edizioa. Bizkaiko Bertsozale elkarteak, Bizkaiko Ikastolen elkarteak eta BBKk antolatuta, eskualdeko ikastetxeetako bertsozaleek hartzen dute parte taldeka sariketa horretan. Jakina, Ipar Uribeko armada ere bertan izango da, eta ohiturari jarraituz garaipena eskuratzeko aukera handiak ditu. Iraganera begiratuz gero, eskualdekoek lau aldiz lortu dute txapela eta iaz bigarren gelditu zen beren beregi antolatutako taldea: Imanol Uria, Maialen Markaida eta Jone Uria, 18 urte arteko kategorian; eta Arrate Illaro, Peru Vidal eta Itxaso Paya, 19 eta 24 urte bitartekoetan. Oraindik aurtengo taldea zein izango den baieztatuta ez badago ere, dagoeneko iragarri dute uribekostarrek lehenengo saioa datorren astelehenean, hilak 9, izango dutela. Saioa eguerdian hasiko da Durangoko institutuan eta etxeko taldea izango dute arerio. Gauzak, espero bezala ateraz gero, finalaurrekoa martxoaren 18an, asteazkena, jokatuko dute Derion, eta finala martxoaren 27an, ostirala, izango lukete Bilboko Kafe Antzokian. Bestalde, aurtengo nobedaderik aipagarriena da Enkarterri eskualdea lehenengoz parte hartuko duela. Argazkian, Peru Vidal bertsotan, atzean Itxaso Paya, Arrate Illaro eta Oihana Bartra dituela, iazko finalean.

Gaur, BIlbon egindako aurkezpenean Juanjo Respaldiza Bizkaiko Ikastolen Elkarteko bertsolaritza arloko arduradunak azaldu duenez, lehenengo aldiz eskualde erdaldundu batean taldea eratu eta parte hartuko dute sariketan. Enkarterriz aritu da Respaldiza edo hobeto esanda "Enkarterri modu zabalean ulertuta, Ezkerraldeko herri batzuetako bertsolariak be hartzen baititu". Izatez, Zallatik zein Portugaletetik, nagusiki, helduko dira bertsolari gazteak.

Bere aldetik Joserra Bilbao BBKren ordezkariak gogoratu duenez, "orain dela hamazazpi urte, Busturialdea, Arratia, Lea-Artibai eta Durangaldea eskualdeetako bertsolari gazteekin jarri zen martxan BBK bertsolari sariketa. Ondoren, Bilboaldea eta Ipar Uribe gehitu zitzaien". Orain Bizkaiko mapa osatzeko beste urrats eman dute, beraz, eta poztasunaren seinale den irribarreari ez diote muzin egin Bilbaok, Respaldizak, Igor Elortza bertsolariak eta Leire Markuerkiaga Bizkaiko Bertsozale elkarteko kideak.

Aurreko urteetan bezala, eskualde bakoitzak gutxienez sei bertsolari aurkeztuko ditu, adin taldeko bi kategorien arabera: 18 urte artekoa eta 19 eta 24 urte bitartekoa. Haietariko bakoitzak hiru bertsolari aurkeztu beharko dituzte, gutxienez. Epaileak Juanjo Respaldiza bera, Arkaitz Estiballes eta Gorka Intxaurbe izango dira. Gaiak, berriz, Zuriñe Iarritu eta Leire Aurrekoetxeak jarriko dituzte, aurkezpenak Maite Berriozabal, Zuriñe Iarritu eta Bernardo Mandalunizen lana izango direla.

Bestalde, bertsozale elkarteak eta ikastetxeek egindako lan bateratua azpimarratu dute gaurko prentsaurrekoan. Horren fruitua da azpiegitura, ordutegiak eta kokapenak. Gainera, saio guztiak ikastetxeen ohiko ordutegietan burutuko dira, ikasleak bertsolaritzara hurbiltzeko eta egunerokotasunetik ateratzeko asmoz.

Egitaraua:

- Martxoak 4, asteazkena: Lea Artibai-Busturialdea, 11:20an Markinako institutuan.
- Martxoak 9, astelehena: Durangaldea-Ipar Uribe, 12:00etan Durangoko institutuan.
- Martxoak 10, asteartea: Arratia-Enkarterri, 11:30ean Igorren.
- Martxoak 16, astelehena: Bilboaldea-martxoaren 4ko irabazlea, 11:45ean Bilbon.
- Martxoak 18, asteazkena: martxoaren 9 eta 10eko irabazleak, 12:15ean Derion.
- Martxoak 27, ostirala, finala martxoaren 16 eta 18ko irabazleen artean, 19:00etan, Bilboko Kafe Antzokian.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun