Aiboa Casaresen askatasuna aldarrikatu dute Erandion

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko ots. 2a, 15:21

Erandioko Segi gazte erakundeak egindako deialdiari erantzunez, dozenaka izan ziren joan den ostiralean, urtarrilak 30, Altzagako metro geltoki ondoko zabalgunean batu ziren herritarrak, argazkia ateratzeko asmoz. Aiboa Casares gazte astrabuduarra ez ezik, Jarrai-Haika-Segi sumarioagatik espetxeratutako gainontzeko neska-mutilak ere askatzea aldarrikatu nahi izan zuten horrela. Gaur bertan, Garazi Biteri, Garikoitz Etxeberria, Olatz Dañobeitia eta Ugaitz Elizaran aske utzi dituzte, sei urte espetxean igaro ondoren, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak jakinarazi duenez. Haikako kide izatea egotzita atxilotu zituzten duela zortzi urte. Igor Ortega eta Olatz Karro, berriz, urtarrilaren 18an libre gelditu ziren. Bi horiek ere Haikako kide izatea egotzita atxilotu eta esperatu zituzten eta sei urte eman dituzte espetxean. Argazkian, Segi gazte erakundearen ikurra osatu zuten Altzagan bildutakoek.

Egun, Villabonako (Asturias) espetxean daukate Aiboa Casares gazte astrabuduarra, hau da, etxetik 293 kilometrora. Jarrai-Haika-Segi sumarioan auziperatutako beste 17 neska-mutilek bezala, Casaresek bere burua entregatu zuen otsailaren 3an mila bat pertsonen aurrean, Bilboko Esperantza kaleko frontoian egindako ekitaldian. Gorka Betolaza izan ezik, atxilotzeko agindupean zeuden gazte guztiak Ertzaintzaren eskuetan jarri ziren.

Erandioko Segik ostiralean plazaratutako oharra:

Bi urte pasa dira Segi gazte erakundea terroristatzat hartu zuen sententzia kaleratu zenetik eta bi urte 19 euskal gazte Segiko kide izateagatik espetxe espainoletan bahituak izan zirenetik. Horien artean, gure herriko Aiboa Casares dugularik. Hainbat izan ziren orduan kalera atera ginen gazteak eta beste hainbat, inoiz baino tinkotasun handiagoz, independentzia eta sozialismoaren alde lan egiteko hautua hartu genuenok.

Bi urte hauetan euskal gazteriak pairatu duen errepresioa izugarria izan da: atxiloketak, torturak, espetxeratzeak, jazarpenak, mehatxuak... Gu isilaraztea eta Euskal Herriarekin akabatzea nahi dute, baina ez dute lortu! Ez dute lortuko Euskal Herriaren alde 30 urtez (eta gehiagoz!) modu eredugarrian borrokan aritu den gazteriarekin amaitzea. Gogor eta tinko jarraitu dugu eta jarraituko dugu lanean, ez delako sortu tresna errepresiborik euskal gazteria kikiltzea eta bizi dugun zapalkuntza egoerarekin akabatzeko borroka deuseztatzea lortuko duenik.

Gure helburuak lortze bidean lanean jarraitzeko zilegitasun osoa eta herriaren babesa daukagula agerian uzteko atera genuen atzoko argazkia, Aiboari eta espetxeratutako gainontzeko gazte guztiei elkartasuna adieraztearekin batera.

Gora Segi!

Erandioko Segi
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun