"Bidai intimoak" dokumentala dago ikusgai gaur Itzubaltzetan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko api. 1a, 13:46

Atzo Algortako Aldai kultur gunean egin bezala, gaur Itzubaltzeta / Romoko Santa Eugenia plazako kultur etxean proiektatzen ari dira Jon Maiak Korrika 16rako egindako “Bidai intimoak” dokumentala. Egizu Getxo Euskaldun! elkarteak antolatuta, lau dira antolatutako saioak: goizeko bederatzietan eta hamaiketan eta, arratsaldez, 17:00etan eta 19:00etan. Bitartean, gaur dute izena emateko azken eguna Gorlizko Udalak erositako kilometroa egin nahi dutenek. Horretarako, kultur etxera jo beharko dute horiek. Aipatu udalerrira, ostiral honetan, 14:20 inguruan iritsiko da Korrika. Gauzak horrela, Andra Mari kaleko 1. zenbakia eta Zirkundea kaleko 1. ataria arteko tartea hartu du tokiko erakundeak. Argazkian, Algortan joan zen ostiralean egin zuten Korrika Txikia.

Atzo iluntzean bete zuen Korrika 16k bere ibilbidearen erdia, Gasteiztik gero eta hurbilago. Hala ere, helmugara heldu baino lehen, Uribe Kosta eta Erandiotik ere igaroko da euskararen aldeko lasterketa. Ostiral honetan, apirilak 3, Andrakatik helduta Lemoizen sartuko da Korrika 14:00ak aldera. Arratsalde horretan, eskualde osoa, Astrabudua eta Altzaga zeharkatuko ditu, 18:00ak aldera Bilbora jotzeko. Larunbatean berriro bueltatuko da Korrika, ibaiadarra zeharkatuta, Altzagara, goizeko 07:30ak inguruan, Erandio Landa eta Asua igarotzeko. Hala ere, aurretik egongo da zer ikusi eta zertaz gozatu inguruan.

Ospakizunak Itzubaltzetan eta Erandion

Getxo udalerrian, Berangotik helduta Salsidu kaletik sartuko da ostiralean Algortara Korrika, 16:10 aldera. Hori dela eta, arratsalde horretan jaia egingo dute Itzubaltzetako Santa Eugenia plazan, euskararen aldeko lasterketa igaro ostean. Besteak beste, umeentzako euskaraokea izango da bertan, 18:00etatik aurrera, Txatxilipurdi taldearen eskutik. Ordu eta erdi beranduago, berriz, Tor magoak eskainiko du ikuskizuna. Eta 20:30etik aurrera, Lisker taldeak girotutako dantzaldia egingo dute.

Bestalde, Korrika kulturala dela eta, udalerrian antolatutako ekitaldiei dagokienez, ostegun honetan, apirilak 2, "Hudaltzainak" ikuskizuna izango da Algortako The Piper´s taberna irlandarrean, 20:00etan.

Erandion ere Korrika igaro aurretik eta ostean izango dira ospakizunak. Bertoko Euskara Zerbitzuak antolatuta, fanfarrea batek girotuko du euskararen aldeko lasterketaren etorrera Altzagan, ostiralean. Korrika igaro ostean, berriz, dantzaldia eskainiko du Erdizka Lauetan taldeak, 20:00etatik aurrera, Astrabuduako Josu Murueta plazan. Gogoratu, larunbatean ere Erandion barrena ibiliko dela euskararen aldeko lasterketa.

Zuzeneko irratsaioa

"Egin dezagun korrika uhinen bidez" aldarritzat hartuz, euskararen aldeko lasterketarekin bat egin du Koska irratiak. Hori dela eta, ostiral honetan, Korrika Uribe Kosta eta Erandion barrena dabilen bitartean, zuzeneko irratsaio berezia eskainiko du "Ukberri" magazinak; 14:30etik 18:30era bitartean, alegia. Entzuleen ere parte hartzeko aukera edukiko dute 944 913 994 eta 600 207 185 telefono zenbakietara deituz edo koskairratia[abildua]koskairratia.com e-posta helbidera idatziz.

Gasteizerako autobusa

Igandean amaiera izugarria egingo du Gasteizen Korrikak, eta hara joateko autobusa antolatu dute Erandion. Goizeko 10:25ean irtengo da Altzagako gasolinotik, eta 20.00etan egingo du buelta. Izena emateko, ahalik eta azkarren, Altzagako La Plaza tabernan eta Astrabuduako Primera Linean, 8 euroren truke.

Entzun (mp3) Koska irratiko "Pastadun betaurrekoak" saioko lagunek Iratxe Marta AEKren Uribe Kostako arduradunari astelehen honetan egindako elkarrizketa.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun