Erandioko Udalak ematen dituen diru laguntzak "Sail bakoitzeko ordezkariaren nahierara onartzeari uztea" eta 38/2003 zenbakiko Espainiako Diru Laguntzen Lege Orokorraren arabera ematea eskatu dio gaur Erandioko PSE-EEko Udal taldeak Mikel Arieta-Araunabeña alkateari. Juan Otermin PSE-EEko bozeramaileak azaldu duenez "tokiko administrazioaren finantza-jardueraren zati garrantzitsua diru laguntzen bitartez bideratzen da, finantza-babesaren bidez, pertsonen eta erakunde publiko eta pribatuen eskaera sozial eta ekonomikoei erantzuteko". Hori dela eta gastu publikoaren zati garrantzitsua betetzen dute eta "hortaz, aurrekontu politikaren zuzentarauetara egokitu behar dira". Oterminek azpimarratu duenez, Espainiako Diru Laguntzen Lege Orokorra "derrigorrez bete beharrekoa da" eta kritikatu du Erandioko Udalak ehunaka mila euro ematea "politikarien borondatearen arabera eta ez irizpide teknikoetan oinarrituta".