Lamiakoko Maskarada kultur elkarteak antolatutako eta inguruko hainbat elkartek lagundutako Lamiakoko II Euskal Jaiak jende andana batu zuen pasa den larunbat osoan zehar Leioako auzo horretan. Euriari aurre eginez, goizetik ibili zen jendea nekazaritza azokan eta karpapean egin ziren umeen jolas eta tailerretan. Herri bazkarian, 200 bat lagunek gozatu zuten babajanaz. Ondoren, bazkalostekoa ganoraz egiteko Beñat Vidalek eta Arrate Illarok bertso-saioa egin zuten eta dozena bat lagunek Lamiakoko Irrintzi txapelketan parte hartu zuten, Leti Manzidor gaztea nagusitu zela. Horren ostean, Txikiak eta Gure Ohiturak dantza taldeek alardea burutu zuten, giro ederrean. Arazoak, berriz, sokatira lehiaketarekin etorri ziren, elkar-lehia hain izan zen handia eta taldeen oreka hain txarra zer tiratzaileek ondoan zegoen talogileen saltokia lurrera bota zuten. Bestalde, emakumezkoak gizonezkoak baino trebeagoak izan ziren sokatiran. Erromeria tarteko, euskal jaia ordu txikietaraino luzatu zen.
Eguneko argazkiak hemen ikus daitezke.