Ibilgailuen Azterketa Teknikoaren (IAT) aldaketa batek hiru urtetik gorako ziklomotorrek azterketa gainditu beharra ekarri zuela gogoratu die bi gurpileko motordun jabeei Getxoko Udaltzaingoak. Azterketa gainditzeko azken eguna 2007ko abenduaren 31n izan zen. Getxoztarrei ibilgailuen azterketa egitea errazteko, IATren azterketa egiteko gune mugikorra jarri zuten apirilaren 10ean eta 11n, Itzubaltzeta / Romoko Gobela kiroldegiko lur azpiko aparkalekuan. Hiru urtetik gora izan eta IAT gainditu ez duten ziklomotor eta motozikleten jabeak salatu egingo dituzte, ibiltzeko baimena kenduko zaie eta agiri bat emango zaie 10 egunen buruan aipatu azterketa teknikoa gainditu dezaten, tokiko polizia iturriek ohartarazi dutenez.
Zarata
Horretaz gain, udaltzainek modu berezian zainduko dute ibilgailu horiek ateratzen duten zarata eta euren ihes-tutuen homologazioa. Ihes-tutua homologatuta ez duten edo baimendutakoa baino zarata gehiago ateratzen duten ziklomotor edo motozikleten jabeak salatuko dituzte, ibiltzeko baimena kenduko zaie, ez zaie motorra mugitzen utziko eta IAT egin eta gainditu beharko dute. Horretarako, aldez aurretik ihes-tutua konpondu edo aldatu egin beharko dute, homologatua ez bada.