Maiatzaren 30era bitartean zabalik egongo da eskola-orduz kanpoko jardueretan euskara sustatu, zabaldu edo normalizatzeko 2008-2009ko ikasturterako diru laguntzak eskatzeko epea, Getxoko Udalari. Oraingoan 25.000 euro banatuko ditu tokiko erakundeak, iaz baino 2.000 euro gehiago. 2006an 21.350 euro izan ziren guztira. Hartara, Euskara, Gazteria, Kultur eta Kirol jardueretarako ez bezala, eskolaz kanpoko ekimenentzat urtetik urtera igo du diru partida Udalak. Laguntzak eskuratu ahal izango dituzte udalerrian kokatuta egon eta ikasketa ez-unibertsitarioak eskaintzen dituzten ikastetxe, guraso elkarte eta ikasle, ikasle ohi edota irakasle taldeek; beti ere egiten duten lana Getxon kokatuta dagoen ikastetxe batean bada. Eskaerak udaletxeko erregistro orokorrean eta Algortako, Itzubaltzeta / Romoko eta Getxoko herritarren arretarako bulegoetan aurkeztu ahal izango dira. Argazkian, Koldo Iturbe Euskara zinegotzia, aurreko prentsaurreko batean.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!