Gizarte zerbitzuei buruzko informazio koadernoa argitaratu du Getxoko Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko mai. 13a, 17:06

Getxoko Udalak bere gizarte zerbitzuei buruzko informazioa koaderno baten bidez kaleratu berri du, Eusko Jaurlaritzak Gizarte Zerbitzuen Legean ezarritakoari aurreratuz eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan hori egiten duen lehenengo udalerrietako bat bihurtuz. Koadernoari, azalean tamaina handian egindako ortografia akatsa tarteko, "Gizarte Serbitzuen (sic) Zorroa (pdf)" jarri diote izena. "Zerbitzuen erabiltzailerentzat eta hartzaile izan daitezkeenentzat tresna erabilgarria izan daiteke, zerbitzuen beraien ezaugarriak eta baldintzak, kexak aurkezteko sistemak, hartzaileen profilak eta abar ezagutzera ematen dituelako. Bestalde, kalitate kudeaketarako sistemak ezartzeko baldintza beharrezkoa da" azaldu du Elena Coria Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak. Argazkian, Elena Coria Gizarte Zerbitzu Arloko zinegotzia.

Udal agintariaren aburuz, zorroak zerbitzuen ezaugarriak, helburuak, eta erantzun nahi dituzten beharrak zehazten ditu eta baita horien betebeharrak, baldintzak, ahalbideratzen dutena, hartzaileen profilak eta ezarrita dagoen kasuetan ordaindu beharreko prezio publikoaren baldintzak, agiriak eta oinarrizko arautegia ere.

Agiriak kontsulta errazteko koaderno formatua du eta bi ataletan banatuta dago, hau da, alde batetik Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak eta bestetik, Gizarteratzea. Guztira 25 zerbitzu biltzen ditu, besteak beste, menpekotasunak artatzeko, prebentzio, inmigrazio, haurtzaro, boluntarioen edo dirulaguntzen alorrekoak. Udal Gizarte Zerbitzuen egoitzak, helbideak eta ordutegiak ere zehaztuta agertzen dira eta hainbat tramite bideratu ahal izateko interesgarriak izan daitezkeen hainbat helbide ere; esate baterako, INEMena, epaitegiena edo Ogasun Sailarena.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun