Askapena eta Kamaraden oharra:
Lapurreta eta garbiketa etnikozko 60 urte. Israelen 60. urteurrenaren ospakizunei boikot deialdia
Nola ospatu ahal duzue? Orain 60 urte ezarri zuten Israelgo estatua egitasmo kolonial bat izan zen, 750.000 arabiar palestinar era sistematiko eta bortitzean beren lur eta etxeetatik kanpora bota zituena. Orain 60 urte milizia sionistek ondasun palestinarrak zakuratu eta ehundaka herri palestinar suntsitu zituzten. Nola ospatu ahal dute kontzientziadun pertsonek hondamendi hau?
Israelek 60 urte darama nazio batuek aldarrikatutako itzultzeko eta kalte-ordainak jasotzeko eskubidea palestinar errefuxiatuei ukatzen, arrazoi bakarra: judutarrak ez direla. Israelek jarraitzen du Palestina zein beste lurralde arabiar batzuk era ilegalean okupatzen, Nazio Batuen hainbat ebazpen bortxatuz. Israelek palestinar biztanleriaren oinarrizko giza-eskubideen ukazioari eusten dio, Nazioarteko Giza Eskubideak zein Giza Eskubideen Aldarrikapena bortxatuz. Israelek Palestinar biztanleria bazterkeria instituzionalezko sistema bati lotuta atxikitzen du, Hegoafrikako Apartheid-aren antzekotasun handiak erakusten dituena. Gainera, Israelek hau guztia eginda ere, inongo zigorrik ez du jasaten, inon aurrekaririk ez duen babes mugagabea eta laguntza diplomatiko, politiko eta akademiko handiak hartzen baititu AEB eta Europatik. Gaur egun Israel den aurpegi askotariko errealitate zapaltzailearen aurrean, zera pentsatzen dugu: Israelen 60. urteurreneko ospakizunetan edozein esku-hartze, zuzena zein zeharkakoa, instituzionala zein pribatua, arabiarra zein nazioartekoa, errefuxiatuen deserrotzean eta desjabetzean, okupazioaren luzapenean zein isrraeldar apartheiden konplize izatea dela. Turin eta Parisko liburu-azoketan Israel ohorezko gonbidatua izatea, adibidez, ez da Europear Batasunaren araudiari atxikituta dauden giza eskubide oinarrizkoenei traizio-egite hutsa, Israelek arabiar biztanleriaren aurka egindako gerra-krimenak, batez ere Libano eta Palestinan eginak, bai eta Gazako zerrendan inguratuta eta jazarrita bizi diren miloi eta erdi palestinarren pausuz-pausuzko genozidioa estaltzeko berariaz egindako saioa baizik. Laburbildiz, Israelgo 60. urtemuga ospatzea palestinar herriaren hilobien gainean dantza egitearen pareko da.
Nazioarteko gizarte zibil osoa, bere kide guztiekin, batez ere arte, irakaskuntza, kirol edota sindikal arlokoak bai eta erlijio komunitateak ere Israelen 60. urtemuga ospakizunei munduko bazter guztietan boikot egitera bultzatzen zaituztegu. Ospakizun hauek gure historia iraindu, gure eskubideak bortxatu eta gure zapalkuntza sakonduarazten dute, definizioz. Neurri berean nazioarteko eskubideetan, justizia, askatasuna, berdintasunean oinarritutako bake iraunkor eta justuaren bidea antzutu egiten dute.
Deialdi hau Martxoaren 30ean egin zuten 100 palestinar erakundek baino gehiagok eta pacbi.org Israeli boikota egiteko webean kontsultatu ahal duzue. Nakbarako boikota egiteko deia 60 urte hauetan pairatzen ari diren hondamendiaren aurrean beste bat da: 60 urtean errefuxiatu, 60 urtean okupazioa, apartheid-a, zakuraketak, suntsipena, hilketak...
Baina Euskal Herrian deialdi hau baliatu nahi dugu palestinar herriari gure elkartasun konpromisoa helarazteko. Israeli arlo guztietan eta frente guztietan boikota hedatzeko konpromisoa berresten dugu: Israelekin harreman 'normalak' egiten dituzten euskal instituzioak, Israelekin komertzioa egitearen bidez aberasten diren euskal enpresak, Israelekin harreman akademikoak dituzten euskal unibertsitateak, Israeldar ordezkariekin euskal herrian egiten diren kirol zein kultur ekimenak...
Okupazioa eteten ez den bitartean, errefuxiatuak beren etxeetara itzuli arte, palestinar herriaren eskubideak aitortuak ez diren bitartean, apartheid eta genozidio politikak dirauen bitartean, eta batez ere, palestinar herritik Israeli boikot egiteko deialdiak iraun bitartean, Euskal Herria sionismoaren konplize izan ez dadin lanean jarraituko dugu, beste herri askotako ekintzaileekin batera Israelgo estatu sionistaren aurkako boikot-lanean jarraituko dugu.
Desmond Tutuk gogorarazi bezala: Apartheidaren amaiera iragan mendearen garaipen handienetakoa izan zen, baina ez genuen lortuko nazioarteko laguntzarik gabe, batez ere, 1980. hamarkadako desinbertsioa eta boikot mugimenduarena. Azken aldian antzeko mugimendu bat sortu da, kasu honetan, israeldar okupazioari amaiera emateko.